Skip to main content

ASOCEX

2016/02 Nafarroaren Bruselako ordezkaritza (2003-2014)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2016/02 Nafarroaren Bruselako ordezkaritza (2003-2014) ()
Kontuen Ganberak Nafarroako Gobernuaren Bruselako ordezkaritzari buruzko txostena plazaratu du. Txostenaren helburua da 2003tik 2014ra arteko kudeaketa aztertzea. Txostena Nafarroako Parlamentuak eskatu zuen, iazko irailean, Ahal Dugu taldeak proposatuta.

Bruselako ordezkaritzaren aurrekaria 1987koa da. Urte hartan, Gobernuak Europako gaiei loturiko atal bat sortu zuen Ekonomia eta Ogasun Departamentuan. 1993an, lehen aldiz, Gobernuak ordezkari bat bidali zuen Europako hiriburura. Oraingo Gobernuak ordezkaritza Ekonomia Departamentutik kendu eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Departamentuan kokatu du.

Ordezkaritzaren helburua da Nafarroaren interesak defendatzea Europar Batasunean, eta erakunde zein enpresei laguntzea Europan dituzten harremanetan.

Bi lagun aritu dira ordezkaritzan: ordezkaria bera eta administrari laguntzailea. Nafarroako Unibertsitateko bekadun batzuek ere lan egin dute 2011ra arte.

2003tik 2014ra, Bruselako ordezkaritzak 2,6 milioi gastatu du. Urteko bataz besteko gastua 215.000 euro izan da. Azken bi urteetan, ordea, gastua nabarmen gutxitu zen, 150.000 eurora jaitsiz.

Langileriaren gastuak dira handienak: %55, hain zuzen. Egoitzaren alokairuan %27 gastatu da eta gainerakoa funtzionamendu gastuei dagokie.

Txostenak dioenez, gastu guztiak justifikaturik eta behar bezala kontabilizaturik daude.

2012ko azaroan, Nafarroako Gobernuak Bruselan zuen bulegoa utzi eta Espainiako egoitzara joatea erabaki zuen, dirua aurrezteko asmoz. Hurrengo bi urteetan, alokairuaren kostua nabarmen jaitsi den: 77.000 eurotik 9.000 eurora. Aurreko egoitzaren jabeak, ordea, epaitegietara eraman zuen Nafarroako Gobernua. Izan ere, biek sinaturik zuten kontratuaren arabera, inork besterik esaten ez bazuen, kontratua hiru urtean behin berritu egiten zen. Horixe gertatua zen 2012ko azaroan. Horren ondorioz, Nafarroako Gobernuak ia 200.000 euroko kalte-ordaina pagatu behar izan dio jabeari.

Alde horretatik, argia da konklusioa: helburua dirua aurreztea bazen ere, kontrakoa gertatu da, Gobernuak errenta berria zein zaharra ordaindu dituelako.

Ordezkaritzaren eraginkortasunaz ere bada aipamenik. Batetik, begi bistakoa da ordezkaritzaren lanaren zati handi bat "ikusezina" dela: harremanak, informazio bilketa... Dena den, memoria bat egiteko aholkua egiten zaio eta, aldi berean, helburu argiak eta horien neurtzeko adierazle batzuk zehaztu beharra azpimarratzen da, horrela lana zenbateraino bete den aztertzeko.