Skip to main content

2026/13 Orkoiengo Udalaren eta Iturgain S.A. hirigintza sozietate publikoaren hainbat kudeaketa-arlotako azterketa (2022-2024)

Argitalpen data

Kontuen Ganberak Orkoiengo Udalaren eta Iturgain hirigintza sozietatearen kudeaketa aztertu ditu. 2022tik 2024ra artekoa da azterturiko epea. Bietan zenbait hutsune antzeman ditu.

Txostenaren helburua zen Orkoiengo Udalaren eta Iturgain hirigintza sozietatearen hainbat arlotako kudeaketaren legezkotasuna aztertzea. Horretarako, 2022tik 2024ra arteko kudeaketaren arlo batzuk aztertu dira: kontuak, langileria, kontratazioa, diru-sarreren kudeaketa eta diruzaintza. Aipatzekoa da 2023an gobernu aldaketa izan zela. Orkoiengo Unión de Izquierdas taldearen hamasei urteko agintaldia amaiturik, PSNk hartu zuen alkatetza.

Kontuen Ganberak hainbat hutsune antzeman ditu, batez ere kobrantzen kudeaketan. Alde horretatik, 2011n udalak hirigintza-hitzarmen bat sinatu zuen. Horren arabera, enpresak udalari ia 700.000 euro ordaintzeko konpromisoa hartu zuen, hitzarmenari loturiko lurzoruak garatu ahala eta, beti ere, 2014rako ordainduko zuela hitza emanez. Enpresak, ordea, 70.000 euro besterik ez zuen ordaindu. 2016an, gainerakoa ordaintzeko bi aukera eskaini zizkion udalari: lursail bat eta beste baten zai bat ematea, edo lursailak saltzean edo bertan eraikitzean kitatzea zorra. Udalak ez zion erantzun. 2024an, udalak zorra pagatzea eskatu ziolarik, enpresak auzitegira jo zuen kontua preskribatuta zegoela argudiatuz. Nafarroako Justizia Epaitegi Gorenak arrazoia eman zion enpresari. Udalak oraindik argitu ez den kasazio helegitea aurkeztu zuen. Kontuen Ganberak azpimarratzen duenez, zor hori sekula ez da udalaren kontuetan erregistratu.

Txostenak preskribatutako zor-saldo batzuk ere aipatzen ditu. Oltzako Zendeak Orkoiengo Musika Eskolari ordaindu beharreko 20.000 euroko zorra da. Zerga bidezko zor batzuk ere agentzia exekutiboari bidali gabe eta interesik kobratu gabe kitatu dira.

Bestalde, Orkoiengo Udalak ez du 2018tik 2024ra arteko kontu orokorra onartu. Horregatik, 170.000 euro atxiki zaizkion toki-ogasunen funtsaren banaketatik.

Langilerian ere bada hutsunerik. D mailako funtzionario bat C mailako lanpostu batera eraman zuten, alkatetzan, idazkaritzan eta kontu-hartzailetzan aritzeko. Kontua da lanpostua ez zegoela ez langile-zerrendan eta ez aurrekontuan. Beraz, izendapenak ez zuen bermerik. Inork ez zuen haren aurka jo eta, beraz, aurrera egin zuen.

Txostenak dioenez, badira kudeaketa txarra ulertzen laguntzen duten barne arazo batzuk: garrantzi handiko profesional batzuen bajak ez dira bete, horien artean idazkariarena eta kontu-hartzailearena. Alkatearen, idazkariaren eta kontu-hartzailearen arteko harreman gatazkatsuak. Azken hori udaletik bota egin zuten, sententzia batek lanpostua itzularazi zion, berriro lanean hasi zen eta, azkenik, lanpostua utzi egin zuen. Bestalde, udalaren eta Iturgain udal sozietatearen arteko finantza-harremanak ez daude behar bezala arautuak.

Iturgain udal hirigintza sozietatea

Iturgain udal sozietateak oso berandu onartzen ditu kontuak. Gainera, 2019ko eta 2020koak enpresa batek ikuskatu eta ez zuen iritzirik eman bi arrazoi argudiatuta: aktak falta zirela eta barne kontrol arazoak.

2018an, Udalak bi enkargu eman zizkion sozietateari: Mendikur polikiroldegiaren eta Ostadar haur-eskolaren kudeaketa. Prezioak kostea baino murritzagoak zirenez, sozietatea defizita pilatzen hasi zen. 2018-2024 epean, 1,5 milioi galdu zuen. Galera aurreko urteetako hirigintza-jarduerak emaniko likideziarekin finantzatu zen. Txostenak dioenez, likidezia Udalari eman beharra zegoen, beti ere lurzoru-ondarean edo inbertsioetan gastatzeko, legediak horixe agintzen baitu.

Azken boladan, Udala Kontuen Ganberak atzemandako hutsuneak gainditzen saiatu da, kontuetan eta kobrantzen kudeaketan. Dena den, badira hobetu beharreko kontuak, gomendioetan laburbilduak. Horietako bat, 2022tik 2024ra arteko kontuak onartzea, eta kontabilitatea behar bezala eramatea, kobratu beharreko eskubideak sortu ahala erregistratuz. Sozietateari dagokionez, kontratazio legea bete behar du, eta dokumentazioaren artxiboa hobeki kudeatu.