Skip to main content

ASOCEX

2016/18 Osasunbideko laborategien bateratze prozesua

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2016/18 Osasunbideko laborategien bateratze prozesua ()
Nafarroako Kontuen Ganberak Osasunbideko laborategien bateratzea aztertu du gaur ezagutarazitako txosten baten. Txostena Parlamentuak berak eskatu zuen, Kontuen Ganberak honako kontu hauek azter zitzan: laborategien gastua 2011tik 2015era; produktuen horniketarako hitzarmena: bateratzeak eragin duen aurrezkia; eta, azkenik, prozesuan lorturiko eraginkortasuna.

2011n, Osasunbideak 9 laborategi zituen, sei tokitan: Nafarroako Ospitalea, Bideko Ama Ospitalea, San Martin zentroa, Ubarmin klinika, Lizarrako Garcia Orkoyen ospitalea eta Tuterako Reina Sofia. Guztira, 303 langile ari ziren lanean. Langileriaren gastua 16 milioi zen, eta beste 13 laborategietako produktuetan gastatzen zen. Urte hartan, 700.000 gaixori egin zitzaien laborategien zerbitzua behar zuen azterketaren bat.

2011ko amaieran, Osasunbideak laborategiak batzea erabaki zuen. Helburua zen laborategi nagusia Nafarroako ospitalean kokatzea, oinarrizko arreta eta Iruñeko arreta berezia bere gain har zezan. Tutera eta Lizarran laborategi bana uztea erabaki zen, bertako premiazko frogak egiteko.

Bateratzea eta laborategian martxan jarri beharreko teknologia berriei esker 61 lanpostu kentzea aurreikusi zen.

2012ko maiatzean lehiaketa eta hornitzaile kopurua murrizteko hitzarmen orokorra onartu zen, eta horrek ere aurrezkia ekarri zuen produktuen erosketan: erreaktiboak, hornikuntza, hodi eta azterketak egiteko beharrezkoa den bestelako materiala.

Horniketa 20 zatitan banatzea erabaki zen. Lehen zatia zen nagusia: zenbateko osoaren ehuneko 65. Zati hori 2012ko urrian esleitu zen, eta besteak abenduan.

Laborategi nagusia ikerketa biomedikoaren zentroan paratu zen. Erabakia arriskua zekarren, Europatik diru-laguntza jaso baitzen eraikina egin eta bertan ikerketa bultzatzeko. Beraz, beste kokaleku bat bilatu beharra zegoen. Aipatzekoa da Osasunbideko gaur egungo arduradunek Nafarroako ospitaleko pabiloi urdinera eraman nahi dutela.

Laborategien gastua

Kontuen Ganberak dioenez, laborategien gastua ehuneko 5 jaitsi da 2011tik 2015era: 30,3 milioitik 28,7 milioira, hain zuzen.Jaitsiera materialen kostuaren murrizketak ekarri du, langileriarena berdintsu mantendu delako: 16 milioi. Laborategietako produktuen BEZren igoerak ere eragina izan du. Igoera hori kontuan hartu ezean, materialen gastua ehuneko 25 murriztuko zen.

Txostenak 20 zatiren esleipena ere aztertu du. Aipatzekoa da zati nagusia ez diotela eman arlo tekniko zein ekonomikoan eskaintza hoberena egin zuenari. "Hobekuntzak" izeneko atalean lortu zuen bestearen gainetik jartzea. Kontuen Ganberak dioenez, esleipena kontratazio legediaren araberakoa bada ere, hobekuntzetan kontuan harturikok hobeki zehaztu beharra zegoen. Atal hori esleipena lortzeko gako nagusia izan zela gogoratu ondoren, hobekuntzen erdiak ez direla guztiz martxan jarri azpimarratzen da.

Laborategien bateratzean izaniko arazoak ere aipatzen dira, bereziki tresnen funtzionamenduan eta informazio sistemetan. Dena den, arazoak gainditzen ari dira eta, oro har, Osasunbideari proiektuari egin dioen jarraipena ona da.

Aurrezkia

Laborategien bateratzeak urtean 7 milioitik gorako aurrezkia ekarriko zuela aurreikusi zen. Horixe dio Osasunbideak iazko ekainean eginiko txosten batek. 2014ko aurrezkia 7,5 milioitan kalkulatu zuen, eta iazkoa ia 8 milioitan.

Kontuen Ganberak ezin izan du aurrezki hori baieztatu, ez baitaki nondik atera den zenbatekoa. Aurrezkia, beti ere, laborategietako produktuen merkatzeak ekarri duela azpimarratzen du.

Kontuen Ganberak beste kontu bat nabarmentzen du: laborategien bateratzea ez dagoela amaitua. Izan ere, laborategi nagusia ez dago behin betiko kokapenean, ez du aurreikusitako jarduera osoa egiten eta langileria ez da murriztu. Aurrezkia materialen erosketari esker lortu dela gogortu ondoren, laborategien bateratzea neurri eraginkorra izan ote den esaterik ez dagoela dio.

Dena den, erosketa zentralizatua "oso positiboa" dela azpimarratzen du, eta zerbitzuen bateratzea eta laborategietako arduradunen irizpide eta parametroak batzea ere ontzat hartzen ditu, hori dena osasun arretarentzat ona izanen delakoan.

Txostenak gomendio batzuk eskaintzen ditu: produktuen esleipenerako irizpideak hobetzeko beharra; pleguen prestaketan laborategietako profesionalek parte har dezatela; laborategietako informazio sistema bultzatzea; eta adierazleak finkatzea, laborategietako jardueraren eraginkortasuna aztertu ahal izateko.