Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2017/18 Ospitale Guneko botiken kudeaketa ()Osasunbidearen ospitaletan iaz 93 milioi gastatu ziren botiketan, 2015ean baino 4 milioi gehiago. Diru sail horretatik, Iruñeko Ospitale gunean 80 milioi gastatu ziren, Tuterako Reina Sofian 11,5 eta Lizarrako García Orcoyen-en 2 milioi.
Nafarroako ospitale guneko gastua Farmazia Zerbitzuak kudeatzen du. 84 langile ditu: farmazialariak, erizainak, osasun laguntzaileak, administrari laguntzaileak eta mandatariak. Medikuek aginduriko botikak baimentzeaz gain, entsegu eta nahasketak egiten dituzte, formulak prestatu eta botiken kudeaketaz ere arduratzen dira.
Nafarroako ospitale guneak botiketan gastaturiko 80 milioitik 13,6 onkologian gastatu ziren, 11,5 hematologian, 10 milioi digestio arazoetan, 9,3 milioi barne medikuntzan eta 9 milioi erreumatologian.
%87 eguneko ospitaleko gaixoek eta osasun etxeetan ematen ez diren botiken bila doazenek gastatu zuten. Gainerako %13 ingresaturik dauden gaixoentzat erabiltzen da.
Txostenak dioenez, gaixotasun arraroak izenekoek gastuaren %9 hartzen dute. Iaz 168 gaixok hartu zituzten botika horiek.
Farmazia Zerbitzuak emaniko datuen arabera, gastuaren %86 (63 milioi) zuzenean egiten da, hornitzaile bakar batek eskaintzen dituen botikak baitira. Horrek ez du esan nahi denak negoziatu gabeko erosketak direnik: iaz 17 milioiko erosketak negoziazioaren bidez egin ziren.
Gainerakoetatik %6 eskaintzak publiko eginez erosten da, botiken zerrenda Osasunbidearen web orrian argitaratuz, enpresei eskaintzak egiteko aukera emanez edo estatu mailako akordioen bidez. Gainerako %8 nola kontratu zen jakiterik ez dago, dokumentazio faltagatik. Alde horretatik, txostenak Kontratu Foru Legeak agintzen duen dokumentazioa beti betetzeko eskaera egin dio Osasunbideari.
Botiken kudeaketari dagokionez, Kontuen Ganberak huts adierazgarriak antzeman ditu sistema informatikoan, stock edo izakinen kontrolean, inbentario eta ordainketen jarraipenean. Gainera, botikak gordetzen dituen ospitaleko biltegiaren egoera txarra dela azpimarratzen da.
Gomendioak
Kontuen Ganberak azpimarratzen duenez, botiken kudeaketa berezia da. Beti ere, kudeaketa arina behar da gaixoei behar duten arrera garaiz eskaintzeko; ongi prestatu beharreko kudeaketa da, erosketak eta izakinen kontrola bermatzeko.
Hori dena hobetzeko asmoz, Kontuen Ganberak gomendio batzuk eskaintzen ditu. Proposatukoen artean honakoak aipa daitezke: kudeatzaile bat izendatzea, Farmazia Zerbitzuaren egoera hobetzeko; hornitzaileekin dauden akordioak behar bezala jasotzea sistema informatiko batean, horren kontrola eta jarraipen egokia egiteko; eta izakinen kudeaketa hobetzea,iraungitze datak eta deskontuak ongi kontrolatzeko.