Skip to main content

ASOCEX

2001/03 Razionaltasun ekonomikoa Iruñerrian

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2001/03 Razionaltasun ekonomikoa Iruñerrian ()

Nafaroako Kontuen Ganbarak Iruñerriko udal antolaketari buruzko txostena plazaratu du. Txostenaren bidez Kontuen Ganbarak Nafarroako biztanleriaren erdia hartzen duen eremuan udal administrazioaren egoera aztertu nahi izan du, ikuspegi orokor eta zabaletik. Udal antolaketa aztertzeaz gain, txostenak Iruñerriko egoera sozioekonomikoari buruzko datu asko ematen ditu.

Iruñerria muga argirik gabeko eremua da. Txostena egiterakoan, Kontuen Ganbarak Gobernuak 1999ko hirigintza arauetan finkaturiko mugak hartu ditu kontuan. Horren arabera, Iruñerriak 585,5 kilometro eta 268.764 biztanle ditu: Nafarroako biztanleriaren ehuneko 51. Udal erakundeak 167 dira: 28 udal, 104 kontzeju, 21 erakunde autonomo, 5 enpresa publiko, 4 mankomunitate, 2 partzuergo, 2 fundazio eta udal elkarte bat.

Gaur egun hiru dira Iruñerri osoan zentralizaturik dauden zerbitzuak: ura, zabor bilketa eta garraioa. Aipaturikoez gain, Nafarroako Gobernuaren Suhiltzaileen Partzuergoak udal eta kontzeju guztiei eskaintzen die zerbitzu hori. Gainerako zerbitzuak udalek eskaintzen dituzte, bakoitzak nahi duen bezala: udal zerbitzua, enpresa publikoa edo Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean. Bestalde, badira beste mankomunitate batzuk, batez ere oinarrizko gizarte zerbitzuetarako.

Iruñerriko biztanleria desorekaturik dago. Izan ere, biztanle guztien ehuneko 91 zazpi udaletan bizi da. Azken urteotako aldaketa nabarmenena hauxe izan da: Iruñeak biztanle kopuruari eutsi egin dio eta Iruñetik kanpoko eremuan biztanleria ia bikoiztu egin da azken hogei urteotan.

Iruñerriko udal eta kontzejuetan 584 hautetsi daude. Iruñerrian udal erakunde bakarra balitz, 27 zinegotzi izango lituzke indarrean dagoen legediaren arabera. Horrek esan nahi du Iruñeko Udalak duen zinegotzi kopuru bera lukeela udal eta kontzeju guztiak bilduko lituzkeen erakundeak.

Txostenak egoera ekonomikoari buruzko datu asko ematen ditu. Esate baterako, Iruñerriko langabetuak 11.536 dira, Nafarroako langabetuen ehuneko 63. Bestalde, Iruñerrian daude bost langiletik gorako lantegien ehuneko 44 eta Nafarroako kiroldegien ehuneko 41.

Iruñerriko udal eta kontzejuetan 2.300 langile ari dira. Langileon soldatetan urtean 14.300 milioi gastatzen dira: 53.000 pezeta biztanleko.

Txostenak zerbitzuetarako gastua ere aztertu du. Horren arabera, urteko eta biztanleko 113.132 pezeta gastatzen dira. Ehuneko 24 etxebizitza eta hirigintzan; ehuneko 15 segurtasun eta gizarte babes zerbitzuetan; ehuneko 14 kultura eta kirol ekitaldietan; eta ehuneko 9 hezkuntza arloan.

Txostenak hirigintzaren egoera azpimarratzen du. Izan ere, legeak udal eta kontzejuei arlo horretako eskumenak aitortzen dizkie. Hori dela eta, lurraldea antolatzerakoan bakoitzak bere irizpide eta lehentasunak ditu eta ez dago ikuspegi orokorrik. Kontuen Ganbararen iritziz, Iruñerriko udal eta kontzejuetan hirigintzaren kudeaketa diru-bilketarako tresna izan da askotan, eta ez lurraldea behar bezala antolatzeko modua.

Orain dela bi urte Iruñerriko Hirigintza Arauak onartu ziren egoera hori konpontzeko asmoz. Dena den, Kontuen Ganbararen aburuz ez da aski ikuspegi orokorra finkatzea. Arlo horretan hartzen diren erabakiek ondorio ekonomiko oso garrantzitsuak eragiten dituztenez, Kontuen Ganbarak uste du beraien etekin eta gastuak banatzeko sistema finkatu behar dela. Horrela, hirigintza arloko erabakiak ez lirateke, ikuspegi ekonomikotik begiratuta, inoren aldekoak izanen eta ez inoren kontrakoak ere. Horrelako sistema bat egokiena litzateke hirigintza lurralde antolatzeko tresnatzat erabili ahal izateko.

Azkenik, Kontuen Ganbarak Iruñerriko azpiegitura politikoa aldatzeko apustua egiten du, Europako toki askotan egin den bezala. Alde horretatik, udal erakunde batek zerbitzu guztien kudeaketa bere gain hartu behar luke. Eta zerbitzuez arduratzeaz gain, Iruñerriko garapen orekatuaz, azpiegiturez, ekonomiaren garapenaz¿ arduratu behar litzateke.

Argi dago horrelako prozesu bat martxan jartzea ez dela erraza izanen, baina Kontuen Ganbarak uste du udal erakunde eta zerbitzuen antolaketa sinple eta argiagoak Iruñerriko egoera hobetuko lukeela, bereziki gaur egun eskaintzen diren zerbitzuen kalitatea.