Skip to main content

ASOCEX

2014/14 Sakanako Mankomunitatea (2012)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2014/14 Sakanako Mankomunitatea (2012) ()

Nafarroako Kontuen Ganberak Sakanako Mankomunitatearen 2012ko kontuak aztertu ditu gaur Parlamentuan aurkeztu duen txostenean. Fiskalizazioaren eskaera Parlamentuak berak egin zuen, UPN taldeak eskatuta.

Sakanako Mankomunitatea 1984an sortu zen. Eskualdeko 15 udalerrik osatzen dute eta Lakuntzan du egoitza. Eskaintzen dituen zerbitzuak honakoak dira: ur-horniketa, hondakinen bilketa, euskara, immigrazioa, kirola eta etxebizitzak zaharberritzeko bulegoa.

Mankomunitateak Sakanako Garapen Agentzia sozietatea sortua du, bertako garapen ekonomiko eta kulturala bultzatzeko.

Sakanako Mankomunitateak bost kalitate-ziurtagiri lortu ditu, kudeaketaren hainbat arlotan erakutsitako kalitateagatik. Bestalde, 2012an plan estrategikoa onartu zuen, hurrengo hiru urteetarako helburuak finkatzeko. Geroztik lantzen ari den planak ekimen zehatz eta eginikoa aztertzeko adierazleak ere zehaztu zituen.

Kontuen Ganberak dioenez, Sakanako Mankomunitatearen 2012ko kontuek, oro har, ongi islatzen dituzte ondare eta finantza-egoera, eta aurrekontu likidazioa. Dena den, finantziazio-desbideratzeen kalkuluan huts batzuk daude, eta horren ondorioz diruzaintzako gerakina uste baino murritzagoa da. Bestalde, ez dago mankomunitatearen ondasun guztiak biltzen dituen zerrenda gaurkoturik. Horiexek dira aldeko iritziaren bi salbuespenak.

Legezkotasunari dagokionez, txostenak dio mankomunitatearen jarduera finantzarioa indarrean dagoen legediaren arabera egiten dela.

Txostenak finantza egoera ere aztertu du. 2012ko ekitaldian, diru-sarrerak 3,6 milioikoak izan ziren. Gastuak, berriz, 3,3 milioikoak. Gastuetan langileriarena (1,3 milioi) eta ondasun arrunten eta zerbitzuen erosketak (1,2 milioi) dira nagusiak. Diru-sarrerei dagokienez, tasa eta prezio publikoei esker 1,8 milioi bildu zuen, eta transferentzien bidez milioi eta erdi euro.

Mankomunitatearen finantza egoera ona da. Batetik, aurrekontu-defizitarik ez duelako eta likidezia duelako hurrengo ekitaldietako gastuei aurre egiteko. 2012ko abenduaren amaieran milioi bat euroko zorra zuen, hamabi maileguren artean banaturik, eta milioi erdi euro diruzaintzan, gastuei aurre egiteko.