Skip to main content

ASOCEX

2014/27 Sodena sozietate publikoak 2002tik 2013ra eginiko inberstsioak

Argitalpen data
Nafarroako Kontuen Ganberak Sodena sozietate publikoak 2002tik 2013ra eginiko inbertsioak aztertu ditu. Parlamentuak eskatu zuen txostena, PPren eskariaren ondorioz.

Txostenak dioenez, Sodena sozietate publikoaren helburua da egitasmo enpresarialak bultzatzea. Hori lortzeko bideak honakoak dira: enpresen akzioak erostea, inbertsioak bultzatzea eta finantza-laguntzak ematea. Sodenak hogei bat langile ditu, gehienak arlo-buruak, kudeatzaileak eta egitasmo-teknikariak.

2002tik 2013ra, Sodenak 324 milioiko inbertsioa egin du enpresen kapitalean. Beste 14,8 milioi jarri zituen Proyecto Cima aldi baterako enpresa elkartean.

Inbertsio handiena Iberdrolan egin zen. Jakina denez, Sodenak enpresaren ehuneko bat erosi zuen, Nafarroako Gobernuaren aginduz. Enpresaren estatutuek diotenez, enpresetan parte hartzeko erosi beharreko gutxieneko kapitala ehuneko 5 da.

Kontuen Ganberak erosketaren aurka egin zuen gaiaz argitaratu zuen txosten batean, erabakia ez baitzen finantza azterketetan oinarritu. Esan bezala, Gobernuak agindu zuen, "interes estrategikoa" argudiatuta. Erosketa egiteko Corporación Energía Hidroeléctrica de Navarra enpresaren salmentan lorturiko dirua erabili zen.

Txostenak gogoratzen duenez, iazko martxoan Gobernuak Iberdrolaren akzio gehienak saltzeko agindu zion Sodenari. Akzioak 5,2 euroan saldu ziren. 7,3 euroan erosiak ziren, estaldura-gastua ere kontuan hartuz.

Kotizatzen ez duten enpresei dagokienez, Sodenak Nafarroari loturiko egitasmoekin bat egin du, batez ere energia, ingurumen, bioteknologia eta elikadura arloetan.

Finantzatu diren egitasmo gehienek bidegarritasun plana dute. Arrisku handiko inbertsioak direnean, enpresaren dokumentazioa ez ezik, kanpoko adituek eginiko txostenak ere aztertzen dira. Dena den, askotan ez da helburua lortzen. Kontuen Ganberak 37 proiekturen jarraipena egin du eta 26k ez dute bete negozio plana, batzuetan krisi ekonomikoaren ondorioz.

Sodenak eginiko inbertsio nagusiak honakoak dira: 44 milioi EHNn, 10 milioi Altsasuko Burnizkon, beste 10 bioteknologia arloko Fondo Ysios-en, 8,7 milioi Caviar Persen, 7,7 Tenarian, 6 Estudios de Ingeniería Adaptadan eta 5 Kyb Advances Manufacturingen. Inbertsioaren ehuneko 62 zazpi enpresatan dago, eta EHNn eginikoa da handiena.

Salmentei dagokienez, azpimarragarriena EHNri esker lorturiko 352 milioiko etekina da. Gas Navarrak eta Ecoenergía Navarrak ere etekinak eman zituzten, 8,7 eta 5,3 milioikoak, hurrenez hurren.

Galera handienak Burnizkok (10 milioi), Tenariak (7 milioi) eta Ecoenergía Navarrak (5 milioi) eragin dituzte.

Guztiak kontuan hartuz, 324 milioiko etekina izan zen, EHNren salmentak emaniko diru-sarrerei esker.

Sodenak parte hartzen duen enpresei emaniko maileguak ere aztertu dira. Guztira 109 milioi eman dizkie 39 enpresari. Interes-tipo merkatuarena da. Azpimarratzekoa da Argedaseko parkea eraikitzeko sortu zen Parquenasari emaniko 55 milioiko mailegua. Sodenak maileguaren zati nagusia (22 milioi) galdutzat ematen du.

Parquenasan eginiko kudeaketaren egokitasuna zalantzan jartzen da. Proiektua 2001ean sortu zen, 9 milioiko kapitalarekin. Sodenak eta beste lau kide pribatuk sortu zuten. Sozietate publikoak kapitalaren ehuneko 45 jarri zuen. 2005ean, ordea, sozio pribatuek diru gehiagorik ez jartzea erabaki zuten eta, beraz, geroztik Sodena da administrari bakarra. Sodenak 60 milioi jarri du Parquenasan eta beste 14 milioi eman dizkio abaletan.

Sodenaren beste eragiketa batzuk ere zalantzan jartzen dira: Noi Navarrak banku batekin zuen 800.000 euroko mailegua bere gain hartu zuen, aurretik horren gaineko abalik edo garantiarik eman ez bazion ere. Sozietate publikoak Caviar Per Sé enpresan eginikoa ere ez da begi onez ikusten. Kasu horretan, Sodenak enpresari emaniko maileguen kapitalizazioak eraman zuen akziodun izatera.

Kontuen Ganberak gomendio batzuk ematen dizkio Sodenari kudeaketa egokiagoa egin dezan. Hasteko Sodenak enpresetan parte hartzeko dituen mugak argitu behar dira, bai kapitalari dagokionez eta baita enpresan egon behar duen epeari dagokionez. Halaber, enpresetan inbertitzeko diru-kopuruaren muga argitu behar litzateke.

Kontuen Ganberak uste dut sektore estrategikoen aldeko apustua egin behar dela. Eta burtsan kotizaturiko enpresatan inbertsioak egin aurretik, Parlamentuari jakinarazi behar zaiola uste du.

Bete ez diren negozio planen kopurua ikusita, enpresen azterketa areagotu egin behar da. Azkenik, Sodenaren finantza-laguntza akzio kopuruaren arabera izan behar da, beste akziodunei dagokien laguntza behar gain hartu gabe.