Skip to main content

ASOCEX

2000/10 Tafallako Udala (1999)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2000/10 Tafallako Udala (1999) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak Tafallako Udalaren fiskalizatze-txostena argitaratu du. Txostenak honako gai hauek aztertzen ditu, besteak beste: aurrekontu kitapena, ondare-egoeraren isla, legezkotasuna, egoera ekonomikoa eta aurreko txostenetan emaniko gomendioak zenbateraino bete diren. Kontuen Ganbararen txostenak biltzendituen datu guztiak 1999koak dira.

Tafallak 10.300 bizilagun ditu eta bertako Udalak bost erakunde autonomo sortu ditu azken urteotan. Zahar-Etxekoak izan ezik, gainerako erakunde autonomoen kontuak udal kontuen barruan sartzen dira.

1999ko abenduaren amaieran Tafallako Udalak (erakunde autonomoak barne) 118 langile zituen.

Txostenak emaniko datuen arabera, urte amaieran Tafallako Udalak 364 milioiko aurrekontu-superabita izan zuen. Aipatzekoa da, gastu zein diru-sarrerak hasieran uste baino nabarmen murritzagoak izan zirela, batez ere inbertsioak, aurreikusitakoaren ehuneko 27 besterik ez baitzen gauzatu eta, beraz, ordainketa ere atzeratu egin zen. Hori kontuan hartuz, benetako superabita 21 milioikoa da.

Gastuei dagokienez, funtzionamendu-gastuak dira garrantzitsuenak: ehuneko 67. Inbertsioetan ehuneko 24 gastatu zen eta finantza-zamari aurre egiteko ehuneko 9 gastatu zen. Dirusarrera garrantzitsuena Nafarroako Gobernuaren transferentziak dira (ehuneko 47) eta udal zergen bitartez ehuneko 29 lortzen da.

Aurrekontu-kitapena aztertu ondoren, Kontuen Ganbarak dio ongi islatzen duela urteko jarduera ekonomikoa eta baita abenduaren 31ko egoera ere. Halaber, egoera-balantzeak Udalaren ondare-egoera egoki islatzen du, nahiz eta udal ondasun zerrenda gaurkotu gabe egon, azken aldiz 1993an gaurkotu baitzen.

Legezkotasunari dagokienez, oro har indarrean dagoen legedia bete egiten da kontratazioetan arau-hauste batzuk atzeman badira ere.

Kontuen Ganbarak argitaratu berri duen txostenak Udalaren egoera ekonomikoa ere aztertzen du. Atal horretan, epe luzerako zor-maila da datu nabarmenetakoa. Izan ere, 707 milioiko zorra du Udalak. Hori dela eta, dirutza handia beharko du datozen urteotan zorrari aurre egiteko.

Txostenak Tafallaren eta antzeko bizilagunen kopurua duten udalen arteko datuak konparatu ditu. Azterketa horren datu nagusia hau da: Tafallaren zor-maila batez bestekoa baino handiagoa da eta, hortaz, oso tarte txikia gelditzen zaio finantza-zama handiagoa hartzeko.

Behin-behineko txostena ezagutzean, Tafallako alkateak aurkezturiko idazkian Kontuen Ganbarak eginiko lanarekin bat datorrela adierazi du. Nolanahi ere, txostenean aipatzen diren bi gai argitu nahi ditu. Kontratazioari dagokionez, alkatearen ustez maiz erabilitako urgentziazko prozedurak ezinbestekoak dira Nafarroako Gobernuak ematen dituen dirulaguntzak jasotzeko. Izan ere, dirulaguntzen deialdia irailean egiten da eta inbertsioari dagokion laguntza kobratu ahal izateko lanak urte amaitu aurretik bukatu behar dira.

Bigarren aipamena kudeaketaren hobekuntzari dagokio. Tafallako alkateak dioenez, Nafarroako Gobernuak ahalegina egin behar luke udal kudeaketa sistema batu eta hobetzeko, ondoren udal bakoitzak hortaz baliatu ahal izateko. Alkatearen iritziz, Udalen bitarteko eskasia dela-eta, zeregin hori Gobernuak hartu behar luke, bestela Kontuen Ganbarak egin ohi dituen gomendio batzuk bete gabe geldituko direlako.