Skip to main content

ASOCEX

2016/25 Tuterako Udala (2015)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2016/25 Tuterako Udala (2015) ()

Nafarroako Kontuen Ganberak Tuterako Udalari buruzko txostena kaleratu du. Txostenak honako gai hauek aztertu ditu: 2015eko aurrekontu-betetzea, ondare egoera, legezkotasuna eta udalaren finantza-egoera. Tuterako Udalak erakunde autonomo bat du ( Uren Udal Batzordea) eta enpresa publiko bat (Castel Ruiz Kultur etxea).

Iazko ekonomia jardueran bada azpimarratu beharreko kontu bat: Nafarroako Gobernuak 12 milioiko mailegu bat emana zion udalari kultur etxe berria egiteko. Proiektua, ordea, ez zen gauzatu. Bada, iaz itzultzeko falta ziren 10 milioi ordaindu zizkion Gobernuari. Horretarako, diruzaintzan zuen dirua erabiltzeaz gain, 2,7 milioiko mailegua eskatu zuen. Eragiketa horrek eragin handia du iazko kontuetan.

Tuterako Udalaren iazko gastua 45 milioi izan zen: 16 langilerian gastatu ziren, 13 ohiko ondasun eta zerbitzuetan, 1,7 ohiko transferentzietan eta milioi bat inbertsioetan.

Diru-sarrerek 39 milioi egin zuten. Bi dira nagusiak: zuzeneko zergak eta ohiko transferentziak, hamabina milioirekin. Udal tasei esker 9 milioi bildu ziren eta bi milioi ondare bidezko diru-sarrerekin.

Urte amaieran udalak 1,4 milioi zuen diruzaintzan, eta epe luzerako zorra 25 milioi zen. Aurreko urtekoarekin alderatuz, zorra heren bat gutxitu zen.

Kontuen Ganberak dioenez, udalaren kontuek ongi islatzen dituzte aurrekontu kitapena, ondare egoera eta diru eragiketen emaitza. Salbuespen bakarra aipatzen da: udalak ez dituela zenbatu langileen montepioak sortuko dituen gastuak.

Legezkotasunari dagokionez, Tuterako Udalaren kudeaketa indarrean dagoen legediaren araberakoa da.

Txostenak azken urteotako gastu eta diru-sarreren bilakaera aztertu du. Gastuak 57 milioiraino heldu ziren 2010ean eta, geroztik, behera egin zuten. Zuzeneko zergen bidez lorturiko zenbatekoa etengabe hazi da. Zeharkako zergek, aldiz, behera egin dute.

Gastuak ere nabarmen jaitsi dira, bai ohiko gastuak eta bereziki inbertsioak. Aipatzekoa da 2009an inbertsioak 14 milioiraino heldu zirela, eta iaz milioi bat besterik ez zela horretan gastatu.