Skip to main content

ASOCEX

2017/12 Udal Montepioren defizitaren banaketa

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2017/12 Udal Montepioren defizitaren banaketa ()
Nafarroako Kontuen Ganberak udal montepioari buruzko txostena argitaratu du. Bi tokitatik heldu zen lana egiteko enkargua. Batetik, Parlamentuak eskatu zuen, "gaur egun Montepioak udalentzat sortzen dituen arazoak" ikusita; eta, bestetik, Lizarrako Udalak ere eskaera bera egin zuen, montepioaren defizitak udal kontuetan duen eraginaz kezkatuta.

Txostenak gogoratzen duenez, udal montepioa 1946an sortu zen, Nafarroako Foru Kontseiluak bultzatuta, udaletako langileen pentsioak bermatzeko. Defizitaren banaketa nola egin kontseiluak berak erabaki zuen, 1971n.

Udal montepio orokorraz gain, beste hiru daude: Iruñea, Tutera eta Tafallakoa.

Montepioa desagertzeko bidean dagoen pentsio sistema da. Izan ere, 1994tik udal langile guztiak Gizarte Segurantzan sartzen dira. Dena den, hurrengo hamarkadetan gastua sortuko du, oraindik asko baitira sistema horretan dauden udal langile eta langile ohiak. Pentsioa montepiotik kobratzen duten jubilatuak 873 dira. Gaur egun lanean ari direnak, berriz, 161. Kontuan hartzekoa da 2006an 1.127 pentsionista zeudela, eta 385 langile.

Udal Montepioaren urteko defizita 18 bat milioikoa da. Idazkarien eta osasun arloko langileen defizita biztanleriaren arabera banatzen da. Administrari eta eginkizun anitzeko langileena, berriz, Montepioan sarturik dauden egungo langileriaren arabera.

Nafarroako Gobernuak defizitaren zati bat ordaintzen du, Iruñea, Tutera eta Tafallakoarekin egiten duen bezala.

Txostenean nafar udalek defizita ordaintzeko eginiko diru ekarpenen bilakaera ikus daiteke. Azken hamar urteotan gehien ordaindu duten udalak honakoak dira: Burlata (12,5 milioi), Barañain (10,4 milioi), Lizarra (9,8 milioi), Atarrabia (7,5 milioi) eta Corella (6,3 milioi).

"Egoera jasanezina"

Kontuen Ganberak azpimarratzen duenez, montepioaren defizitaren banaketa sistema ahalik eta azkarren aldatu behar da. Aukera ona galdu zen horren konponketarako 1994an, langileak gizarte Segurantzan sartzen hasi zirelarik. Azken urteotan aldaketa sakonak izan dira udal langilerian, baina defizitaren banaketan ez da deus egin. Txostenak horrek egoera jasanezinak eta bidegabeak sortzen dituela azpimarratzen du. Adibidez: Udal batek 72.000 euro ordaindu behar izan zuen iaz eginkizun zerbitzu anitzeko langile batengatik. Gainera, horrela segituz gero, egoera bitxia gerta daiteke: Montepioan jardunean dauden langileak desagertu eta defizita banatzeko irizpidea ere desagertuko da.

Kontuen Ganberaren txostenak defizita banatzeko aukera batzuk eskaintzen ditu, horren emaitzak ere zehaztuz. Ez du bakar baten alde egiten, baina irizpide egokiena biztanleria dela dio.

Txostenak egoera gainditzeko beste zerbait ere iradokitzen du: Nafarroako kontu orokorrek defizitari aurre egiteko zenbateko handia jaso dezatela.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak defizitaren portzentaje ezberdinak finantzatzen die lau montepioei. Kontuen Ganberaren iritziz, hori batu beharko litzateke.