Skip to main content

ASOCEX

Asun Olaetxeak buruko osasunaren kudeaketari buruzko txostena aurkeztu du Parlamentuan

Argitalpen data

Asun Olaetxea Kontuen Ganberako lehendakaria Parlamentuko Osasun Batzordearen aitzinean agertu da gaur goizean, osasun mentalaren kudeaketari buruzko eginiko txostena aurkezteko.  Nafarroako Gobernuak, iaz, 58 milioi gastatu zituen arlo horretan. Olaetxeak azaldu duenez, azken urteotan gora egin du gastuak, duela bost urte 44 lau milioikoa baitzen.

Gastua hiru zatitan banatzen da: osasun arreta; osasun eta gizarte baliabideak; eta enplegu-zentro berezietarako diru laguntzak.

Langileria da gastua nagusia: hogeita hamaika milioi. Buruko osasun zerbitzuetan zazpiehun profesionaletik gora ari dira, gehienak kontratatuak: %53, hain zuzen.

Olaetxeak esan duenez, buruko gaixoen osasun arretarako baliabideak aski dira. “Baliabide horiek –esan du- osasun mentaleko zentroak, ospitaletako arreta eta eguneko ospitaleak dira”.

Gaixoendako gizarte eta osasun baliabideetan, ordea, eskaintza publikorik ez dagoela esan du. “Erresidentzia eta etxe babestuez ari gara. Zerbitzu horiek itundutako enpresen bidez ematen dira. Kontua da enpresek eskaintzen duten plaza kopurua ez dela aski eskaerari erantzuteko. Hori konpontzen saiatzeko, Gobernuak diru-laguntzak ematen ditu gaixoak zentro pribatuetara joan daitezen. Iaz, lau milioitik gora gastatu zen diru-laguntza horietan”, azaldu du.

Txostenak buruko osasuneko instalazioen egoera ere aztertu du. Konklusioa da horretan gora-behera handiak daudela. Iruñeko Xabierko San Frantzisko zentro berritua bikaina da. Ospitale guneko eta eguneko ospitaletako instalazioak, berriz, oso zaharkiturik daude, eta berritu beharko lirateke.

Kontuen Ganberako lehendakariak txostenaren gomendio nagusiak aipatu ditu: “Batetik, osasun mentala bultzatzeko plan orokorra egin dadila, Nafarroan ez baita holakorik. Prebentzio-lana talde batzuei zuzenduriko ekimenetara mugatzen da. Bestetik, suizidioaren prebentziorako plana egitea ere komenigarria litzateke, Kontuen Ganberaren iritziz”.

Agerraldia EH Bilduk eskatu zuenez, haren eledun Bakartxo Ruiz mintzatu da lehena. “Buruko osasunaz mintzatzea –esan du- inoiz baino funtsezkoagoa da gaur egun, bizi dugun pandemiak horretan ere eragina izanen baitu”. Aurreko legegintzaldian buruko osasun arloan egin ziren hobekuntzak nabarmendu ditu: gastua handitu, zerbitzuak ugaritu eta kanpokoen esku zeuden zerbitzu batzuk gobernuak bere gain hartu zituen. Hobetu beharrekoen artean, buruko osasunaren prebentzio plana, etxe babestuen plaza kopurua handitu eta azpiegitura batzuk hobetu beharra aipatu ditu.

Navarra Sumako Marta Alvarezen ustez, gastua handitu izanak ez du ekarri arretaren hobekuntza. Haren esanetan, itxaron zerrendak handitu egin dira. Eguneko ospitaleen azpiegiturak hobetu beharra ere azpimarratu du.

PSNren izenean Patricia Fanlo mintzatu da. Haren iritziz, buruko osasunaren langileria sendotu behar da, langile finkoen kopurua handituz. Buruko osasunaren aldeko plana ere aldarrikatu du, eta suizidioaren prebentziorako plana.

Azkenik, Geroa Baiko Isabel Aranburuk hitz egin du. Aurreko legegintzaldian gastua handitzearekin batera, programa eta zerbitzu berriak martxan jarri zirela esan du: “Lehen arazo psikotikoen programa eta egonaldi ertain eta luzeko zerbitzua, Xabierko San Frantzisko zentroan”. Gaixoak lan merkatuan sartu beharra ere azpimarratu du, zentro berezietan edo enpresa arruntetan”.