Skip to main content

ASOCEX

Luis Ordokik Kontuen Ganberaren domina jaso du, erakundearen 40. urteurreneko ekitaldian

Argitalpen data

Kontuen Ganberako idazkari ohi Luis Ordokik erakundearen domina jaso du gaur goizean, Parlamentuan eginiko ekitaldi batean. Ekitaldiaren helburua zen Kontuen Ganberaren 40. urteurrena ospatzea. Izan ere, gaur bezalako egun batean, duela berrogei urte, Parlamentuak Kontuen Ganbera berriro martxan jarri zuen araua onartu zuen. Ekitaldian nafar agintari nagusiek parte hartu dute, Maria Chivite lehendakaria buru.

Chivite: “Eskuduntzak hartzeak onura ekartzen dio gizarteari”

Chivitek autogobernuaren defentsa egin du hitzaldiaren hasieran, “batzuek gure eskuduntza historikoak zalantzan jartzen dituztenean”. Autogobernuan sakontzeak gizarteari onura ekartzen diola azpimarratu du. “Horregatik, eskuduntzak hartu nahi ditugunean, horixe dugu gogoan. Kontuen Ganbera horren adibideetakoa da. Gure eskuduntza historikoak denbora eta erronka berrietara egokitzen ditugu”.

Luis Ordoki ere hizpide izan du. Haren balore pertsonalak eta gizartearen alde lan egiteko gogoa goraipatu ditu. “Erretiroa hartu ondoren ere, zerbitzu publikoak hobetzeko lanean ari da, gogoeta eginez eta zerbitzu publikoak hobetzeko ideiak eskainiz”.

Unai Hualde: “Kontuen Ganbera martxan jartzea erabaki ausarta izan zen”

Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek duela berrogei urteko erabakia goraipatu du, “erabaki ausarta eta aitzindaria izan zelako”. Diru publikoaren eskuduntza Nafarroari eta bakarrik Nafarroari dagokiola eta horretan pedagogia egin beharra nabarmendu du.

Hualdek Luis Ordokiren lana ere goraipatu du. “Kontuen Ganberarentzat funtsezkoa izan da. Nik zorte handia izan dut, harekin harremana izan baitut politikan hasi nintzenetik hainbat aldiz”.

Olaetxea: “Ordoki profesional ona bezain leiala izan da”

Kontuen Ganberako lehendakariak duela berrogei urte onarturiko arauaren garrantzia azpimarratu du. “Erreinuko erakunde ospetsua berriro martxan jartzeko balio izan zuen”, esan du. Arauak erakundearen ezaugarri nagusiak ere finkatu zituela adierazi du: “erakunde teknikoa, Parlamentu-esparrukoa, funtzionamenduan guztiz independentea eta bi zeregin dituena: diru publikoaren kontrola eta Parlamentuaren aholkularitza finantza eta ekonomia kontuetan”.

Haren esanetan, Kontuen Ganbera duela berrogei urteko mandatuari ahalik eta txukunen erantzuten saiatu da, diru publikoaren kudeaketan argia emanez. “Biztanleriak badu eskubidea jakiteko nola erabiltzen den zergen bidez ordaintzen duten dirua”. Kontuen Ganberak, etorkizunean ere, independentziaz, profesionaltasunez eta objetibotasunez lanean segitu behar duela gehitu du, “horiek baitira erakunde tekniko baten sinesgarritasunaren oinarriak”.

Azkenik, Luis Ordoki erakundeko alma mater izan dela adierazi du: profesional ona izan da, leiala erakundearekin eta presidenteekin. Kontuen Ganberan lan egitea ohoretzat hartzen zuen, eta ideia hori hedatzen saiatu da Kontuen Ganberako profesionalen artean”.

Luis Ordoki: “Plazer handia izan da Kontuen Ganberan lan egitea”

Ordokik ideia horri heldu dio bere hitzaldian. Kontuen Ganberan lan egitea “plazer handia” izan dela azpimarratu du. Erakundea berriro martxan jarri zutenen adorea eta abilezia aipatu ditu. Eta Kontuen Ganberako funtzionarioei aholku bat eman die: “Kontuan hartu ohorea dela erakunde horretan lan egitea, erakundearen historia ospetsuagatik, batetik; eta funtsezko zeregina duelako gaurko Nafarroan” Idazkari nagusi ohiak Kontuen Ganberaren arrakastaren gakoak aipatu ditu: “independentzia, talde-lana, profesionaltasuna, langileriaren balioa eta zerbitzu publikoaren ideia, auditoriaren bidez kudeaketa hobetzen delako”.

Irudian, Luis Ordoki domina jaso berritan. Haren eskuinean, Asun Olaetxea, Maria Chivite eta Unai Hualde.