Skip to main content

ASOCEX

Ultzamako Biometanizazio Planta: UPNko eledunari erantzunez

Argitalpen data

Nafarroako Parlamentuak, atzoko osoko bilkuran, Ultzamako biometanizazio plantari buruzko ikerketa batzordearen konklusioak aztertu eta onartu zituen. Aipaturiko batzordea Kontuen Ganberak plantaren kudeaketaz eginiko txostena ezagutu ondoren eratu zen.

Ultzamako plantaren auziak Parlamentuan egin beharreko bidea amaitu arte itxaron nahi izan dut UPNko bozeramaleak batzordean eta atzoko bilkuran eginiko akusazioei erantzuteko. Sayas jaunak Kontuen Ganberaren txostena gogor gaitzetsi du, akats asko dituela esanez, eta nire aurka ere mintzatu da “jarduera politikoa” eta Parlamentuarekin kolaboratzeko gogorik eza leporatuz.

Hasteko, auditoria lanaren konklusio guztiak berresten ditugula azpimarratu nahi dut. Batetik, Ultzamakoa  irregulartasunez beteriko espedientea dela, eta bertako Udala izan zela horren arduraduna.  Aipatzekoa da obren aurreproiektua, proiektua eta zuzendaritza lan horiek egin ondoren kontratatu zirela. Beraz, kontratuek legez kontrako jarduera bati babes juridikoa ematea zuten helburu, Udalak ez baitzituen errespetatu kontratazio publikoaren irizpide nagusiak: publizitatea, lehia, gardentasuna eta diskriminaziorik eza. Kontratua beste enpresa baten esku uzteko prozesuan ere ez zen legea bete, eta beste horrenbeste gertatu zen enpresak eginiko azpikontratuekin.

Txostenak dioenez, ordainketak eta kobrantzak egiteko sare bikoitza eratu zen. Batetik, kontratua zuen Levenger enpresa ondoren plantaren kudeaketa hartu zuen Bioenergia Ultzamarekin, Ultzamako Udala bitartekari zela; bestetik, Bioenergia Ultzama bere hornitzaileekin. Bi sare horien kontu mugimenduak ikusita, Kontuen Ganberak dio milioi eurotik gorako gain kostua izen zela. Eta Nafarroako Gobernutik jasotako diru-laguntzak ere puztuta daude, kontzeptu beragatik bi departamentutatik kobratu zutelako. Nafarroako Gobernuak eginiko azterketaren arabera, proiektuak diru publikotik behar baino 341.000 euro gehiago jaso zituen.

Parlamentuarekin ez dudala kolaboratu dio Sayas jaunak, txostenaz gain paperak eta lana egiteko zirriborroak emateari uko egin diodalako. UPNko bozeramaleak jakin beharko luke Kontuen Ganberaren iritzia txostenak islatzen duela. Balio ofiziala duen txosten hori egiteko, jakina, paper asko eta zirriborro batzuk erabiltzen ditugu. Horiek, dena den, ez dute gure iritzia islatzen. Auditoria publikoan aditua den edonork badaki ongi jokatu dugula zirriborrorik ez ematean. Eta parlamentariek ere aise ulertuko dute jokamoldea hurrengo adibidea erabilita: Parlamentuko zerbitzu juridikoei txosten bat eskatu eta dokumentua jasotzean, norbaitek eskatzen al ditu hura egiteko erabili diren ohar, paper eta zirriborroak, legelariaren lana fiskalizatzeko?

Kontuen Ganberaren helburu nagusia da diru publikoaren kudeaketa ona sustatzea, akatsak nabarmenduz eta, beti ere, gaizki eginiko hobetzeko aholkuak emanez. Ikuspegi horretatik, zer esan dezakegu Ultzamako plantaz? Gaizki planifikaturiko proiektua izan zela, irregulartasunez josita dagoela eta, batez ere, kalte ekonomikoa ekarri digula nafar guztioi: guztien poltsikoetatik ateratako hiru milioitik gora zulora botata daude, hogeita hamar urterako eraiki eta gaur egun guztiz abandonaturik dagoen planta batean. Ezin dugu ahantzi, bestalde, honek guztiak Ultzamako Udalari ekar diezaiokeen kalte ekonomikoa.

Hori da Ultzaman gertaturikoaren laburpena. Horri begiratu beharrean, bada arreta desbideratu eta egoera islatu duen erakunde teknikoaren aurkako akusazio larria egin nahiago duenik. Lasai gaude. Izan ere, nafarrek konfiantza dute Kontuen Ganberarengan, independentziaz eta profesionaltasunez jokatuta lortu baitu sinesgarritasuna. Kasu honetan ere, horiexek izan dira gure jokamoldearen oinarriak.

 

Asun Olaetxea Estanga

Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakaria