Skip to main content

ASOCEX

2004/08 02ko Nafarroako kontu orokorrak

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2004/08 02ko Nafarroako kontu orokorrak ()

Nafarroako Comptos Ganberak 2002ko kontu orokorrei buruzko txostena jakinarazi du. Txostenak Foru Administrazioaren finantza egoera orokorra islatzen du.

Legez urtero egin beharreko txostenak honako gai hauek aztertzen ditu: gastu eta dirusarreren aurrekontu kitapena, ondare egoera, legezkotasuna eta Foru Administrazioaren finantza egoera. Aurreko txostenetan emaniko gomendioak zenbateraino bete diren aztertzen duen atal bat ere biltzen du.

Nafarroako Foru Administrazioak 10 departamentu ditu, 9 erakunde autonomo, 28 enpresa publiko, zazpi fundazio eta hiru erakunde publiko. Txostenak Nafarroako Parlamentuaren, Arartekoaren eta Comptos Ganberaren kontuak ere biltzen ditu.

Comptos Ganberak gogoratzen duenez, 2002an ez zen aurrekontua onartu eta aurreko urtekoa luzatu behar izan zen. Gainera, Foru Administrazioaren aurrekontu sistemak ez ditu helburuak behar bezala zehazten, ezta helburuak zenbateraino bete diren jakiteko modurik ere eskaintzen. Beraz, kudeaketaren eraginkortasuna aztertzerik ez dago, eta hori da, hain zuzen, lanaren muga nabarmenena.

Txostenak emaniko datuen arabera, 2002an Foru Administrazioak 2.568 milioi euro gastatu eta 2.598 bildu zituen. Gastaturiko dirutzaren %51 transferentziak dira (batez ere toki erakundeei, enpresei eta familiei), %27 langilerian gastatu zen eta gainerako %18 inbertsio eta funtzionamendu gastuetara bideratu zen.

Diru gehien gastatu zuena Osasun departamentua izan zen: %23. Hurrengoa honakoak dira: Ekonomia eta Ogasuna (%21), Hezkuntza eta Kultura (%17), Industria, Merkataritza, Turismoa eta Lana (%6,5) eta Ongizatea, Kirola eta Gazteria (%6,2). Gainerako sailak %6tik beherako portzentaia dute Administrazioaren gastu orokorretan.

Dirusarrerei dagokienez, bilduriko 100 eurotik 48 zeharkako zergen bidez lortzen da eta 42 zerga zuzenei esker. Gainerakoa tasa, transferentziak eta ondare dirusarreren bidez bildu zen.

Aurrekontu kitapenak, oro har, Foru Administrazioaren ekonomia jarduera egoki islatzen badu ere, hiru salbuespen daude: ibilgetu materialaren saldoak, Nafarroako Gobernuaren ondasunak ez bait dituzte ongi islatzen; zordunak, zenbait zergaren datuak egiaztatu gabe baitaude; eta pentsio sistemaren kontingentzia edo arriskuak, ez baitira kontuan hartzen.

Legezkotasunari dagokionez, Foru Administrazioak oro har indarrean dagoen legedia betetzen badu ere, dirulaguntzen jarraipena hobetzeko beharra azpimarratzen da. Ogasun publikoaren foru legea ere administrazioaren beharretara egokitzeko premia aipatzen da.

Foru Administrazioaren finantza egoera

Txostenak dioenez, 2002ko ekitaldiaren amaieran Foru Administrazioak 32 milioiko superabita izan zuen (aurreko urtean defizita 66 milioikoa izan zen).

2002ko datuetan ohiko dirusarreren maila ona da aipagarriena, %12,5 igo zirelako. Ohiko gastuak, berriz, %7 handitu ziren.

Urte amaieran epe luzerako zorra 641 milioikoa zen: biztanleko 1.126 euro.

Comptos Ganberak dioenez, fiskalizaturiko urtean Nafarroak Estatuarekin sinaturiko aurrekontu-hitzarmena bete egin zuen. Izan ere, aipaturiko hitzarmenak 842 milioitan finkatu zuen gehienezko zorra.

Datozen urteotarako konprometituta dauden gastuak ere biltzen ditu txostenak. Horien artean Nafarroako Ubidea enpresari ordaindu beharreko 128 milioi aipatzen dira. Bestalde, 2007tik (Iruñea eta Logroño arteko autobidea martxan jarriko den urtetik) \"itzalpeko bidesaria\" izenekoari aurre egin beharko zaio: 516 milioi euro.

Aurreko txostenetan eskainitako gomendioei dagokienez, Comptos Ganberak funtzionarioen pentsio sistemaren aldaketa aipatzen du, azkenean gauzatu egin baita. Oraindik betetzeko dauden gomendioen artean ibilgetu materiala egokitzea eta zordunen saldoak egiaztatzea aipatzen dira.

Azken urteotan bezala, txostenak Kontratazio Batzordearen lan eskasa salatzen du.