Skip to main content

ASOCEX

2004/23 03ko Nafarroako kontu orokorrak

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2004/23 03ko Nafarroako kontu orokorrak ()

Nafarroako Comptos Ganberak iazko kontu orokorrei buruzko fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Jakina denez, txostenak foru administrazioaren ekonomia egoerari buruzko ikuspegi zabala eskaintzen du.

Comptos Ganberak txostenaren hasieran azaltzen duenez, foru administrazioa zazpi departamentuk, bederatzi erakunde autonomok eta 29 enpresak osatzen dute.

Txostenak dioenez, Nafarroako Gobernuak iaz 2.689 milioi gastatu eta 2.654 milioi bildu zituen. Gastuen ehuneko 51 transferentziak dira, langilerian ehuneko 28 gastatu zen, funtzionamendu gastuetan ehuneko 10 eta inbertsioetan ehuneko 8. Gastuok duten helburuari begiratuta, transferentziek ehuneko 23 egiten dute (Udalei eta Estatuari, azken honi bi administrazioen arteko hitzarmenaren ondorioz), osasun arloan ehuneko 23 gastatzen da, hezkuntzan ehuneko 16, gizarte babes arloan ehuneko 9 eta azpiegituretan ehuneko 8.

Dirusarrerei dagokienez, zeharkako dirusarrerak ehuneko 49 dira, zuzenekoak ehuneko 42 eta transfrerentzien ondorioz lortutakoak ehuneko 3 egiten du. Iazkoa dirusarrerak aurreko urtekoekin alderatuz gero, konklusioa argia da: PFEZn izan ezik, gainerako zerga zuzenen bidez lorturikoak behera egin du. (PFEZri esker ehuneko 5 gehiago bildu zen).

Aurreko urteko datuekin konparatuz gastuek ehuneko 4,8ko igoera izan zuten eta dirusarreren igoera txikiagoa izan zen: ehuneko 2,5, hain zuzen. Biztanleko gastu publikoa 4.650 eurokoa izan zen, aurreko urtean baino hiru puntu handiagoa. Aipatzekoa da ohiko gastuek gora egin duten bitartean, inbertsioetara bideratutakoa jeitsi egin dela. Jeitsiera hori ehuneko zortzi izan da. Zerga presioari dagokionez, nafarrek, bataz beste, 4.216 euro pagatu zituzten.

2003ko aurrekontu emaitzak 34 milioiko defizita izan zuen. Aurreko urtean, aldiz, 32 milioiko emaitza positiboa izan zuen. Aurrezki garbia ere ehuneko hamabost jeitsi zen, ohiko gastuak zortzi puntutan handitu ziren bitartean dirusarreren igoera hiru puntukoa izan baitzen.

2003ko abenduaren 31ko zor publikoa 641 milioikoa zen, aurreko urteko zenbateko bera. Dirutza horretatik, epe luzerako zorra 576 milioikoa zen eta epe motzekoa, berriz, 65 milioi. Honek erran nahi du biztanleko zorra 1.100 eurokoa dela.

Aurrekontu kitapena aztertuta, Comptos Ganberak uste du urteko ekonomia jarduera ongi islatzen duela. Egoera balantzeaz ere, oro har, aldeko iritzia ematen du, baina salbuespen batzuk aipatzen ditu zordunetan eta beste zenbait gaitan.

Legezkotasunari dagokionez, Comptos Ganberak dio administrazioak indarrean dagoen legedia bete egiten duela, baina badira hobetu beharreko arlo batzuk, horien artean dirulaguntzak. Izan ere, Comptos Ganberaren aburuz diruz lagundutako helburuak betetzen diren hobeki kontrolatu beharko litzateke.

Txostenak betetzeko dauden gomendioak ere bildu ditu. Horien artean Kontratazio Batzordeak kontratu arloan egin behar duen aholkularitza lana bultzatzeko premia azpimarratzen du. Aurrekontu eredua ere zalantzan jartzen du, Comptos Ganberaren ustez ez baitago batere argi eredu hori baliogarria ote den gaur egungo administrazioen kudeaketarako.