Skip to main content

ASOCEX

2005/26 04ko Nafarroako kontu orokorrak

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2005/26 04ko Nafarroako kontu orokorrak ()

Nafarroako Comptos Ganberak iazko kontu orokorrei buruzko fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Jakina denez, txostenak foru administrazioaren ekonomia egoerari buruzko ikuspegi zabala eskaintzen du.

Comptos Ganberak txostenaren hasieran azaltzen duenez, foru administrazioa zazpi departamentuk, bederatzi erakunde autonomok eta 29 enpresak osatzen dute.

Txostenak dioenez, Nafarroako Gobernuak iaz 2.808 milioi gastatu eta 2724 milioi bildu zituen. Gastuen ehuneko 53 transferentziak dira, langilerian ehuneko 28 gastatu zen, funtzionamendu gastuetan ehuneko 9 eta inbertsioetan ehuneko 7,4.

Txostenak emaniko datuen arabera, Nafarroako Gobernuak 20.415 langile zituen urte amaieran, eta %29 kontratupean lanean ari ziren. Gainerako udal erakundeetakoak kontuan hartuz, langileak 23.322 dira, Nafarroan lanean ari direnen %9.

Gastuek duten helburuari begiratuta, osasunean %23 gastatzen da, Estatuari ordaindu beharrekoak %17 egiten du, hezkuntzara gastuen %16 bideratzen da, gizarte babesak %9 jasotzen du eta azpiegituretan %8 gastatzen da.

Dirusarrerei dagokienez, zeharkako dirusarrerak ehuneko 50 dira, zuzenekoak ehuneko 42 eta tasa eta prezio publikoen bidez lorturikoak %2,6

Azterturiko ekitaldian Gobernuaren dirusarrerak ez ziren aski izan gastuei aurre egiteko, eta beraz defizita izan zuen, 84 milioikoa hain zuzen. Nabarmentzekoa da Gobernuaren aurrezki gordina (ohiko gastuen eta dirusarreren arteko aldea) %22 gutxitu dela. Izan ere, ohiko gastuak %7 igo ziren bitartean dirusarrerak bi puntutan besterik ez ziren handitu.

2004ko abenduaren 31ko zorra 641 milioikoa zen, aurreko urtekoa bezalakoa.

Txostenak dioenez, Nafarroako Gobernuak aurrekontu orekari eusteko zuen konpromisoa bete egin zuen, finantziazio-ahalmenari eusteaz gain ez baitzuen epe luzerako zorra handitu

Aurreko urteko aurrekontu kitapenarekin alderatuz, gastuak %4,45 handitu dira eta dirusarreren igoera txikiagoa izan da: %2,64. biztanleko gastua 4.802 da, aurreko urtean baino %3,27 gehiago. Gastuetan ohikoenak dira igo direnak (%5,7), inbertsio-gastuak oso gutxi handitu baitira.

Zerga-zamari dagokionez, biztanleko 4.337 eurokoa da, aurreko urtean baino %3 gehiago.

Comptos Ganberak azken urteotako gastu eta dirusarreren inguruko azterketa egin du. Horren arabera, gastu arruntak %26 igo dira 2001etik eta dirusarrerak %21 handitu dira.

Aurrekontu kitapena aztertuta, Comptos Ganberak uste du urteko ekonomia jarduera ongi islatzen duela, baina bada salbuespen bat Osasun Departamentuan. Izan ere, bada 11,6 milioiko dirutza, urteko aurrekontuan sartu beharrean, aurtengora pasatu dena, iaz aurrekontu krediturik ez zegoelako. Egoera balantzeaz ere, oro har, aldeko iritzia ematen du, baina salbuespen batzuk aipatzen ditu zordunetan eta ondasun zerrendan.

Txostenak 29 enpresa publikoen egoera aztertu du. Oro har, 273 milioiko etekinak lortu badituzte ere, kontuan hartzekoa da Sodenak EHNren salmentan 250 milioi eskuratu zituela. Audenasak 20 milioiko etekinak izan zituen.

Diru gehien galdu duena Baluarte da: 5,1 milioi.