Skip to main content

ASOCEX

2007/05 05ko Nafarroako kontu orokorrak

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2007/05 05ko Nafarroako kontu orokorrak ()

Nafarroako Comptos Ganberak 2005eko kontu orokorrei buruzko txostena ezagutarazi du. Bertan Foro Administrazioaren finantza eta ekonomia egoera orokorra aztertzen da.

Txostenak kontuei buruzko iritzia emateaz gain, bestelako gaiak ere jorratu ditu, hala nola, Nafarroa eta Estatuaren arteko hitzarmen ekonomikoa, enpresa publikoen egoera, gastu fiskalak, Osasunbideako langileen kontratazioa eta aurrekontu programak.

Comptos Ganberak dioenez, Gobernuak gastu fiskalak kontabilizatzeko irizpidea aldatu zuen 2005ean, Parlamentuaren oneritzia lortu ondoren. Horren ondorioz, lehen aldiz zerga-arinketa batzuk dirusarrera eta gastutzat kontabilizatu ziren, eta horrek aurrekontu kitapena 221 milioitan handitu zuen. Aipatzekoa da dirusail batzutan (etxebizitzen alokairu eta inbertsioak, lanpostuak sortzea, alargunen pentsioak eta kultur ondarea) gastu fiskala aurrekontuak jasotakoa halako bi dela. Txostenak dioenez, gastu horiek aurrekontuan sartzeak informazio hobea ematen du, zuzeneko gastuez gain kenketa fiskalen ondoriozko dirusarreren gutxitzea ere jasotzen duelako. Dena den, erabakia egokia den ez dago garbi, aurrekontuaren ikuspegitik arautu gabe dagoelako. Horregatik, Comptos Ganberaren aburuz informazioa kontu orokorretan biltzea egokia da, baina aurrekontutik kanpo utzi beharko litzateke.

Nafarroako Gobernuak 3.310 milioi gastatu zituen 2005eko ekitaldian, gastu fiskalak ere kontuan hartuz. Dirusarrerek 3.348 egin zuten. Aurreko urteko datuekin konparatuz, gastuak ehuneko 10 handitu ziren eta dirusarrerak ehuneko 16. Dirusarrerak gehiago haztean aurrekontu emaitza ere aldatu zen: aurreko urtean defizita 84 milioikoa izan zen bitartean, 74 milioiko superabita izan zen 2005ean.

Gastuetan handienak transferentziak izan ziren: 1.800 milioi, gastuen % 53. Langilerian 857 milioi gastatu ziren, gastuen % 26. Ohiko gastuek, berriz, 282 milioi egin zuten, aurrekontuaren % 9.

Gastuen helburuaren araberako sailkapena honakoa da: Osasuna (gastuen % 21), Estatuari ordaindu beharrekoa (% 16), Hezkuntza (%14) eta Gizarte Babesa (%9).

Comptos Ganberak emaniko datuen arabera, Foru Administrazioaren zorra 718 milioikoa da, enpresa publikoen 135 milioikoa ere barne.

Aurrekontu kitapena aztertuta, Comptos Ganberak ontzat ematen du jasotako gastu eta dirusarrerek Gobernuaren ekonomia jarduera ongi islatzen dutelako. Nolanahi ere, bada salbuespen bat Osasunbideako zenbait gastu hurrengo aurrekontuan jasota daudelako.

Egoera balantzea ere foru Ogasunaren ondare egoera ongi islatzen du, baina badira salbuespen batzuk ibilgetuan, zergazko dirusarreretan eta zordunen balantzean. Pentsio sistemak eragindako gastuek sorturiko kontingentziak ere aldeko iritzi orokorraren salbuespentzat hartzen dira.

Bestalde, Nafarroa eta Estatuaren arteko hitzarmenaren 2005-2009 eperako oinarriak onartu gabe daude, eta horrek uste baino gastu handiagoa edo txikiagoa sor lezake. Aipatzekoa da 2005eko aurrekontuak 525 milioiko dirutza jaso zuela hitzarmenari aurre egiteko.

Comptos Ganberaren txostenak legezkotasunaren gaineko azterketa ere egin du. Alde horretatik, Nafarroako Gobernuak haren ekonomia eta finantza jardueran, oro har, legea bete egiten duela dio.

Txostenak Nafarroako enpresa publikoen egoera ere aztertu du. Gaur egun 30 dira Nafarroako Gobernuak kontrolatzen dituen enpresak, guztira 939 langile dituztenak. Enpresa publikoen dirusarrerak 216 milioikoak izan ziren eta gastuak, berriz, 224 milioi. Guztien datuak kontuan hartuz, urte amaieran 2 milioiko defizita izan zuten. Txostenak emaniko datuen arabera, enpresa publikoen zorra 135 milioikoa da.

Osasunbidearen kontratazioari dagokionez, Departamentuak 44.717 kontratu egin zituen 2005eko ekitaldian. Kontrataturiko langileak 5.954 izan ziren eta langileei, bataz beste, 7,5 kontratu egin zitzaizkien. Kontratuen bataz besteko iraupena 35 egunekoa izan zen.

Kontratu gehienak osasun etxeetan egin ziren (14.300), Bideko Ama ospitalean (8.643) eta Tuterako Osasun Eremuan (6.514).