Skip to main content

ASOCEX

2011/30 10eko Nafarroako kontu orokorrak

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2011/30 10eko Nafarroako kontu orokorrak ()

Nafarroako Kontuen Ganberak 2010eko kontu orokorrei buruzko txostena plazaratu du. Bertan, ohi denez, nafar ogasunaren egoera aztertzen da. Txostenak Gobernuaren kontuak ez ezik, elkarte eta fundazio publikoenak, eta Parlamentuaren eta haren menpeko erakundeenak ere biltzen ditu.

Txostenak emaniko datuen arabera, Foru Administrazioak iaz 4.300 milioi gastatu zituen. Diru-sarrerak 4.410 milioi izan ziren. Aurreko urteko datuekin alderatuz, gastuak %1,6 gutxitu eta diru-sarrerak %4,5 handitu ziren.

Gastuetan nagusiak honakoak dira: ohiko transferentziak (1.547 milioi), langileria (1.164), ohiko gastuak (575) eta kapital transferentziak (575). Diru-sarrerei dagokienez, 1.655 milioi bildu ziren zeharkako zergen bidez, eta 1.600 zuzeneko zergen bitartez.

Azken hiru urteotako kontuak ikusta, ohiko diru-sarreren jaitsiera nabarmen daiteke, %3 murriztu baitziren. Gastuek bere horretan segitu zuten, aldaketarik gabe. Aurrezki gordinaren murrizketa %20 izan da.

Foru Administrazioaren zorra nabarmen handitu da: 2008an 815 milioikoa zen, eta iaz 1.524 milioikoa: Nafarroaren Barne Produktu Gordinaren %8,20. Nabarmentzekoa da, halaber, inbertsioek azken urteotan behera egin dutela.

Laburbilduz: ohiko diru-sarrerak gastuak baino gehiago jaitsi dira, eta zorra nabarmen handitu denez, finantza-zama ere handitu egin da.

Enpresa publikoei dagokienez, Nafarroako Gobernuak iazko abenduan plan bat onartu zuen enpresen kopurua murrizteko: 38tik 13ra. 2010ko ekitaldian 28,7 milioi galdu bazituzten ere, emaitza aurreko urtekoa baino hobea da, batez ere Sprin enpresaren datuengatik. Izan ere, duela bi urte 100 milioi galdu zituen bitartean, iazko galera 8 milioikoa izan zen.

Txostenak kudeaketa publikoa hobetzeko neurri batzuk proposatzen ditu. Horien artean, kontuen itxiera aurreratzeko eskaera nabarmen daiteke. Kontuen Ganberak dioenez, Ogasun Foru Legeak irailaren 15erako kontuak ixteko agindua emana du. Gaurko teknologiari esker, ordea, posible litzateke kontuen itxiera aurreratzea, ekitaldi amaieratik hurbilago egon dadin. Horrek informazioa lehenago jakitea ahalbideratuko luke eta, bidez batez, Kontuen Ganberaren fiskalizazioa ere lehenago ezagutuko litzateke.