Skip to main content

ASOCEX

2013/25 2012ko Nafarroako Kontu Orokorrak

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2013/25 2012ko Nafarroako Kontu Orokorrak ()
Nafarroako Kontuen Ganberak 2012ko kontu orokorrei buruzko txostena plazaratu du. Bertan, ohi denez, nafar ogasunaren egoera aztertzen da. Txostenak Gobernuaren kontuak ez ezik, elkarte eta fundazio publikoenak, eta Parlamentuaren eta haren menpeko erakundeenak ere biltzen ditu.

Txostenak 2012ko aurrekontu betetzea, legezkotasuna eta Nafar Ogasunaren finantza-egoera aztertu ditu. Aurrekontu oreka lortzeko iragarritako aurreikuspenak zenbateraino bete diren ere aztertu da.

Txostenak dioenez, Nafarroako Gobernuak iaz 3.625 milioi gastatu eta 3.624 bildu zituen. Gastuen %45 ohiko transferentziak dira, %30 langileriari dagokio eta ohiko ondasun eta zerbitzuetan %15 gastatu zuen.

Diru-sarrerei dagokienez, zergen bidezkoek %85 egin zuten, %12 zorpetzearen bidez lortu zen eta transferentzien bitartez %2 eskuratu zen.

Arloka aztertuz gero, Osasuna da gastu gehien duena: %26. Ondoren datozenak honakoak dira: Hezkuntza (%15), Estatuarekiko hitzarmena (%14) eta gizarte gastuak (%11).

Aurreko urteko datuekin alderatuz, gastua %1,3 gutxitu zen. Ohiko gastuetan ez zen aldaketarik izan. Dena den, finantza-gastuak %61 handitu ziren bitartean langileriarenak %7 murriztu ziren. Inbertsioen jaitsiera ere nabarmena izan zen: %26.

Diru-sarrerak %3 gutxitu ziren 2011ko datuekin alderatuz. Zergen bidezkoak berdintsuak izan baziren ere, zuzenekoak %8 handitu ziren eta zeharkakoak, berriz, %8 jaitsi ziren. Tasa eta prezio publikoen bidez lorturikoa %19 gutxitu zen, eta ohiko transferentziak ere %24 gutxitu ziren.

Foru Administrazioak iaz 419 milioiko maileguak hartu zituen, zergen bidezko diru-sarrerak txikiagoak izan zirelako gastuak baino.

Kontuen Ganberak dioenez, Nafar Ogasunaren aurrekontu saldoa negatiboa da 313 milioitan. Aurreko urteko datua zerbait hobetu da: 22 milioitan, hain zuzen. Krisia hasi zenetik, kontu publikoetan defizita izan da, diru-sarrerek behera egin baitute, eta horrek arazoak sortu ditu epe laburreko ordainketei aurre egiterakoan. Horregatik, Gobernuak kredituak eskatu behar izan ditu. Iaz, hain zuzen, 100 milioiko kredituak eskatu zituen finantziazio arazoak gainditzeko.

Foru Administrazioaren zorrari dagokionez, 2.231 milioikoa da, 2011n baino %16 handiagoa.

Enpresa publikoak

Txostenak enpresa publikoen egoera ere aztertzen du. 21 dira eta 340 milioiko zorra daukate. Aipatzekoa da Sodenarena 100 milioi igo dela, eta Nasuvinsarena 40 milioi. Lehenbizikoa, Moderna planaren finantziazioagatik. Nasuvinsari dagokionez, eraikin batzuk eroso dizkiolako Gobernuari eta enpresa publikoei.

Enpresa publikoen aurrekontu-emaitza negatiboa da 116 milioitan. Galera handienak Sodena eta CPENenak dira.

Enpresa publikoetako langileria gutxitu egin da. 2011n 1.448 langile zituzten; iaz 1.330. Aipatzekoa da Burnizko, Gestión Ambiental de Navarra eta Ceinen izaniko galera, 90 langile hiruen artean. Tracasak, aldiz, 7 langile gehiago ditu 2011n baino.

Aurrekontu orekaren betetzea

Estatuak aginduriko aurrekontu oreka bete ote den ere aztertu da. Foru Administrazioak 311 milioiko gehigarria behar izan zuen gastuei aurre egiteko. Barne Produktu Gordinaren %1,7 da hori eta, beraz, Nafarroak ez du orekaren helburua bete, %15 baitzen Gobernuarekin aurreikusitakoa.

Dena den, Ogasuna orekatzeko Gobernuak berak markaturiko gehienezko zorra bete egin du.

Txostenak aurreko fiskalizazioetan zehaztu eta berriki kontuan hartu diren gomendio batzuk aipatzen ditu: kontuen itxiera aurreratu egin da, irailaren 15etik uztailaren 1era. Fakturen erregistroa martxan jarri izana ere aipatzen da eta, azkenik, iazko aurrekontu legeak goi kargudunen eta kabineteetako aldi baterako aholkularien soldatak zehaztu izana ere positibotzat jotzen da.