Skip to main content

ASOCEX

2015/15 2015eko maiatzaren 24ko Parlamenturako hauteskunde-kontabilitatea

Argitalpen data
Kontuen Ganberak Parlamenturako azken hauteskundeetan ordezkaritza lortu zuten alderdi eta koalizioen kontuak aztertu ditu. Legeak aginduriko txostena da, emaitzengatik dagozkien diru-laguntzak kobratu ahal izateko.

Kontuen Ganberak argi dio fiskalizazioa mugatua dela: batetik, ezin duelako aztertu alderdien kontabilitatea, hori Madrilgo Kontu Epaitegiaren eskumena baita; eta, bestetik, hemen Parlamenturako Hauteskundeek eraginiko gastua aztertzen bada ere, udal hauteskundeak ere egin zirelako. Hortaz, askotan ez da erraza gastu bakoitza bietako zeini dagokion erabakitzea.

Diru-laguntzak eserleku kopuruagatik eta botoengatik ematen dira: 11.850 eserlekuko eta 0,95 euro boto bakoitzeko. Bestalde, boto-paperak bidaltzeagatik ere bada laguntzarik: 0,24 euro biztanleko.

Alderdi eta koalizio guztiek aurkeztu dituzte kontuak eta inork ez du gainditu legez markaturiko gastuen muga. Kontuen Ganberak ontzat eman du jasotako informazioa eta, beraz, alderdi eta koalizio guztiek jasoko dute dagokiena.

Guztira 1.457.000 euroko gastua onartu da. Nafarroako Gobernuak horren zati nagusia ordainduko du: 1.314.000 euro.

UPNk 424.000 euro gastatu ondoren, 366.000 euro jasoko du.

Geroa Baik 269.000 euro gastatu eta 232.000 euro jasoko du.

EH Bildu Nafarroak 265.000 euro gastatu eta 250.000 euro kobratuko du.

Podemos-Ahal duguk 75.000 euro gastatu eta horixe jasoko du. Boto kopuruagatik 192.000 jasotzeko eskubidea zuen, baina gastuen gaineko laguntzarik ez da onartzen.

PSNk 238.000 gastatu eta zenbateko bera jasoko du.

Azkenik, Partido Popularrak 46.000 euro gastatu eta 36.000 jasoko du.

Alderdi eta koalizio guztiek zegokien diru-laguntzaren zati bat jasoa dute, aurrerakin gisa. Beraz, behin txostena argitaratu ondoren gainerakoa jasoko dute.