Skip to main content

ASOCEX

2000/23 Aezkoako udal kudeaketa (1999) Aezkoako Bailarako udal eta batzordea(1999)

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganbarak Aezkoako udalei buruzko fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Txostena bikoitza da, alde batetik herri guztien egoera aztertzen du eta, bestetik, bailarak eskaintzen dituen zerbitzuen antolaketari buruzko azterketa dakar.

Aezkoak 9 udalerri ditu eta herri horietan, guztira, 1.154 biztanle bizi dira. Kontuen Ganbarak emaniko datuen arabera, Aezkoako udal erakundeek 208 milioi gastatu zituzten iaz. Dirusarrerak 336 milioikoa izan ziren.

Herri bakoitzari dagokion azterketan kudeaketa-sisteman atzemandako arazoak aipatzen dira eta horiek gainditzeko gomendioak ere azaltzen dira. Udal zerbitzuei buruzko txostenak zerbitzuen kostua aztertu eta udal antolaketa egokiagoa lortzeko gomendioak eskaintzen ditu.

Txostenak dioenez, Aezkoako Bailarako zerbitzuen kostua 121 milioikoa da. Horrek erran nahi du urtean biztanle bakoitzak 105 mila pezeta ordaindu behar duela. Dirutza horretatik erdia baino gehiago (63 milioi) udal erakundeetako adminstrazioaren gastuetarako erabiltzen da. Gainerakoa (58 milioi) beste zerbitzuetara bideratzen da, hezkuntza eta kulturara batez ere.

Kontuen Ganbarak udal erakunde bat baino gehiago dituzten bailaren egoera aztertu du. Alde horretatik, administrazio-antolaketa garestiena Aezkoakoa da, ez baitu udal zerbitzuak batzeko pausorik egin.

Kontuen Ganbaren iritziz, Aezkoako Bailarako udal erakundeek bertako zerbitzuak batzeko ahalegina egin behar lukete. Toki Administrazioaren legeak berak aurreikusitako aukera hori erraza izan daiteke, Aezkoan betidanik udalerri guztiak batu dituen erakundea duelako: Bailarako Batzordea. Zentralizazio prozesuak epe motzean horrek ez lituzke kostuak nabarmen murriztuko, baina zerbitzuen kalitatea nabarmen hobetu liteke eta, gainera, etorkizunari begira udal administrazio askoz eraginkorragoa ekarriko luke.

Txostenak dioenez, prozesua kontuen eta administrazioaren zereginetatik hasi behar da, ondoren gainerako zerbitzuetara zabaltzeko. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren laguntza komenigarria litzateke.