Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2024/19 Nafarroako Kontu orokorrak (2023) (Kontuen Ganberak Nafarroako Kontu Orokorren adierazle ekonomikoen bilakaera ona nabarmentzen du, 2022ko datuekin alderatuta. Hala ere, salbuespenak aipatzen ditu kontabilitatean, kontratazioan eta sozietate publikoen sorreran.
Kontuen Ganberak 2023ko kontu orokorrei buruzko txostena argitaratu du. Bertan Foru Administrazioaren finantza-egoeraren ikuspegi orokorra islatzen da.
Iaz, Foru Administrazioak 5.782 milioi gastatu eta 5.925 milioi bildu zituen. Aurreko urteko datuekin alderatuz, gastuak %3 igo ziren, eta diru-sarreretan ez zen aldaketarik izan.
Gastuetan transferentzia arruntena da kapitulu nagusia, 2.300 milioirekin. Langileria da bigarrena, 1.700 milioirekin. Hirugarrena, ondasun eta zerbitzuen gastu arruntak: 900 milioi.
Osasun Departamentuak du gastu handiena: 1.400 milioi. Hezkuntzak 936 milioiko gastua izan zuen. Eta hirugarren gastu nagusia da Estatuari Hitzarmen Ekonomikoagatik egiten zaion diru-ekarpena: 912 milioi.
Diru-sarrerei dagokienez, zuzeneko zergen bidez 2.740 milioi bildu zien. Zeharkako zergen bitartez, berriz, 2.400 milioi.
Zuzeneko zergetan Pertsona Fisikoen Errentaren Gainekoa da nagusia: 2.100 milioi. Sozietate zergak 532 milioi eman zituen, eta Oinordetzen eta Dohaintzen zergak 60 milioi.
Zeharkako zergetan BEZ da nagusia: 1.756 euro. Zerga berezien bidez (alkohola, hidrokarburoak, tabakoa) 524 milioi bildu ziren.
Txostenak Next Generation diru-funtsei buruzko datuak ere ematen ditu. 2022ko abenduaren 31 arte, Foru Administrazioak 165 milioi jaso eta 114 gastatuak zituen.
Kontuak aztertuta, Kontuen Ganberak zenbait salbuespen aipatzen ditu, bai finantzen eta bai legezkotasunaren inguruan. Kontabilitate-kudeaketarekin, kontratazioarekin eta sozietate publikoak (Bidean eta Nafarbide) sortzeko justifikazioarekin dute zer ikusia.
Nafarroako aurrekontuetan diru-laguntza izendunek izan duten hazkundea ere aipatzen da.
Adierazle ekonomikoen bilakaera positiboa
2015-2023 epean,Foru Administrazioaren aurrekontu-gastua 3.900 milioitik ia 5.800 milioira igo da, eta, aldi berean, langile publikoen kopurua 23.000tik 32.000ra igo da. Txostenak nabarmentzen duenez, “aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-iraunkortasunaren arloko arau fiskalak berrabiarazteak azken urteotako politika hedakorra mugatuko du”.
2022ko datuekin alderatuta, adierazle ekonomikoek bilakaera ona izan dute. Ildo horretan, aurrekontu-saldo ez-finantzarioa aipatzen du, 304 milioitik 329 milioira igo baita; aurrezki garbia (aurrezkia, finantza-karga kenduta) nabarmen handitu da, 128 milioitik 421 milioira; zorrari dagokionez, %6 jaitsi da, eta 2.695 milioira iritsi da.
Langileen egoera ere aztertzen du txostenak: 2022arekin alderatuta, %8 handitu zen haien gastua. 2023. urtearen amaieran, 32.500 langile zituen foru administrazioak. Langile guztietatik, 17.211 baino zertxobait gehiago finkoak dira (%53) eta 15.236 (%47) aldi baterakoak. 2022ko datuekin alderatuta, behin-behinekotasunak behera egin du Hezkuntzan eta, batez ere, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan.
Sozietate publikoei dagokienez, Foru Administrazioa 19 enpresen kapitalaren zati nagusiaren jabe da. 2023an Bidean eta Nafarbide sortu ziren, osasun garraioan eta errepideen mantentze eta kudeaketarako, hurrenez hurren.
2022an sorturiko Nafarroako Inbertsio Institutua ere aipatzen da. Kontuen Ganberaren iritziz, haren zeregina Sodenaren berbera da.
Nafarroako sozietate publikoek 1.600 langile dituzte.
• 2023an, diru-sarrerak 5.925 milioi izan ziren, eta gastuak, 5.782.
• Transferentzia arruntak (2.300 milioi), langileria (1.700) eta ondasun eta zerbitzuak (900), gastu-kapitulu nagusiak.
• 2023. urtearen amaieran, Foru Administrazioak 32.500 langile zituen
• Txostenak ohartarazten du arau fiskalak berriro martxan jartzeak azken urteetako aurrekontu-gastuaren igoera mugatuko duela.