Skip to main content

ASOCEX

2012/13 Altsasuko Udala (2010)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2012/13 Altsasuko Udala (2010) ()

Nafarroako Kontuen Ganberak Altsasuko Udalari buruzko fiskalizazio txostena plazaratu du. Txostena UPN parlamentari taldeak eskatu zuen, Kontuen Ganberak haur eskolaren espedientea azter zezan. Eskaera ikusirik, Kontuen Ganberak lanaren helburua zabaldu eta 2010eko kontuak aztertzea erabaki zuen.

Txostenak dioenez, Altsasuko Udalak 8,9 milioi euro gastatu eta beste horrenbeste bildu zuen 2010eko ekitaldian. Udalaren kontuak ez ezik, bi erakunde autonomoenak ere sarturik daude zenbateko horietan: Musika Eskola eta Aita Barandiaran Zahar-Etxearenak.

Aipatzekoa da gastuak zein diru-sarrerak nabarmen jaitsi zirela aurreko urteko datuekin alderatuz: %28. Gastuetan inbertsioak dira gehien murriztu zirenak: 5,3 milioitik 2 milioi eta erdira. Ohiko gastuak ere %5 jaitsi ziren.

Langileria gastuen %31 da, beste ohiko gastuak %34 eta inbertsioek %32 egiten dute. Diru-sarrerei dagokienez, transferentzien bidez %60 lortzen da eta zergen bitartez % 38.

Udalaren kontu orokorrak ongi islatzen ditu aurrekontu kitapena, ondare egoera eta eragiketen emaitzak. Salbuespen bakarra ondasun zerrenda da, gaurkotu gabe baitago.

Legezkotasunari dagokionez, Udalaren finantza jarduera indarrean dagoen legediaren arabera egiten da.

Kontuen Ganberaren ustez, Altsasuko Udalak geldirik dauden hirigintza proiektuen inguruko neurriak hartu behar ditu, dirua aurreratu egin duelako. Bestalde, krisi egoeran gaudela kontuan hartuta, ohiko gastuak murrizten saiatu behar da, inbertsioetan lehentasunak argi izan eta derrigorrezkoak ez diren zerbitzuen auto-finantzazioa lortu.




0-3 urte bitarteko haur eskola

Haur Eskolari dagokionez, proiektua 2008ko abenduan onartu zen. 1,6 milioiko aurrekontutik milioi bat Gobernuak ordaintzea aurreikusi zen. 2009ko urrian egin zen adjudikazioa, 1,3 milioitan eta sei hilabeteko epean amaitzeko. 2010eko martxoan, ordea, adjudikaziodunak porrot egin zuen eta kontratua bertan behera gelditu zen, obra amaitu gabe zegoela.

Kontuen Ganberaren ustez, Udalak ongi egin zuen orain artekoa: adjudikazioa eta kontratua bertan behera uztea.

Bestelakoa da aurkezturiko egiaztapenez emaniko iritzia. Hezkuntza Departamentuak gutxieneko zenbatekoa egiaztatzea eskatzen du diru-laguntza emateko, eta bigarren egiaztapena puztuta zegoen, benetan eginiko lanak baino gehiago jaso baitzituen. Egiaztapen hori alkateak sinatu zuen, teknikariek eginiko txostenetan oinarriturik. Ondoren, enpresa “hartzekodunen lehiaketa” fasean sarturik, obren zuzendaritzak egiaztapena puzturik zegoela adierazi zuen. Udalak Hezkuntza eta Toki Administrazio Departamentuei gertaturikoaren berri eman zien, eta batzorde bat sortu zuen egoera argitzeko. Egiaztapena deuseztatu zen eta jasotako diru-laguntza ere itzuli zen.

Kontuen Ganberak dioenez, eginikoa baino obra gehiago egiaztatzea legea eta kudeaketa egokiaren aurkako jarduera da, eta bi horiek dira administrazio publiko guztiek beharreko irizpideak. Txostenak dioenez, enpresa adjudikaziodunak porrot egin ez balu, oso litekeena da bigarren egiaztapenaren zenbatekoa hurrengokoekin doitu izana.

Laburbilduz: arazo handirik gabeko obra bazen ere, haur eskola amaitu gabe dago oraindik, plangintzak huts egin zuelako. Diru-laguntza justifikatzeko epea oso zorrotza izanik, Udalak egiazpena puztu egin zuen.

Azkenik, Kontuen Ganberak diru-laguntzak emateko moduaz gogoeta eskatzen du, haren ustez eredu malguagoa behar delako, finantzaketa benetan eginiko lanei lotzeko.