Skip to main content

2026/07 Artikako Kontzejuaren 2024ko kontuak

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2026/07 Artikako Kontzejuaren 2024ko kontuak (
701KB
)

Kontuen Ganberak Artikako Kontzejuaren 2024ko kontuak aztertu ditu. Kontzejuaren finantza egoera ona azpimarratzen du. Diru-sarrerak gastuak baino handiagoak izateaz gain, 4,8 milioiko dirutzaintzako gerakina dauka.

Artika Berriobeitiko Udaleko hamar kontzejuetako bat da. 2010etik, populazioa nabarmen handitu da. Gaur egun, ia 5.000 biztanle ditu. Kontzejua presidenteak eta sei kidez osaturiko batzarrak gobernatzen dute.

Txostena egiteko eskaera Nafarroako Parlamentuak egin zuen, Zurekin Nafarroa taldeak eskatuta. Kontuen Ganberak 2024ko kontua eta legezkotasuna aztertu ditu, alegia, haren finantza kudeaketa legearen araberakoa ote den.

2024n, Artikako Kontzejuak 400.000 euro gastatu eta 735.000 bildu zituen. Gastuetan handienak ohiko ondasun eta zerbitzuenak dira: 262.000 euro. Inbertsioetan 40.000 euro gastatu zituen, eta langilerian, berriz, 38.000 euro. Diru-sarrerei dagokienez, ohiko transferentziek milioi erdi egin zuten (460.000 euro Gobernutik jasoak), eta ondare-dirusarrerek (funtsean, gordailuen interesak) 150.000 euro.

Gastuak zein diru-sarrerak txikiagoak izan ziren aurreko urtean baino. Gastuak %19 murriztu ziren, inbertsioetan eta langilerian gutxiago gastatu zelako. Diru-sarreren jaitsiera %30koa izan zen, lur-sailen salmentak behera egin zuelako.

Txostenak azpimarratzen duenez, Artikako Kontzejuaren finantza-egoera “oso ona da “. Batetik, aurrekontu-aurrezkia du, diru-sarrerak gastuak baino handiagoak dituelako. Gainera, diruzaintzako gerakina handia da: 4,8 milioi.

Artikako Kontzejuaren kontu orokorrak ongi islatzen ditu ondasun egoera, finantza egoera eta aurrekontu-emaitza. Dena den, bi salbuespen aipatzen dira: ondasun-zerrrenda gaurkotu gabea eta aurrekontu-krediturik gabeko gastuak. Legezkotasunari buruzko iritzia ere aldekoa da, bi salbuespenekin: zenbateko gutxiko gastutzat tramitatutako batzuk ez ziren zenbateko gutxikoak; eta kontzejuak erabiltzen duen kontabilitate sistema desegokia.

Txostenak kontzejuaren kudeaketa hobetzen segitzeko gomendio batzuk eskaintzen ditu. Horien artean, kontzejuak kontabilitateko instrukzio orokorra aplika dezala, haren populazio mailak horretara behartzen duelako.