Skip to main content

ASOCEX

2013/16 Atarrabiako Udala (2011)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2013/16 Atarrabiako Udala (2011) ()

Nafarroako Kontuen Ganberak Atarrabiako Udalaren fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Txostenak 2011ko aurrekontu kitapena, ondare egoera, legezkotasuna eta finantza egoera aztertu ditu.

Txostenak dioenez, Atarrabiako Udalak 8,2 milioi gastatu eta 8,4 bildu zituen. Gastu nagusiak honakoak dira: langileria (%55), ohiko gastu eta zerbitzuak (%31), inbertsioak (%8) eta finantza-zama (%6). Diru-sarrerei dagokienez, %55 transferentziak dira, %43 zergen bidezko sarrerak eta %2 ondarearen salmentatik lortu da.

Kontuen Ganberak dioenez, Udalak aurkezturiko aurrekontu kitapenak, oro har, ongi islatzen ditu urteko ekonomia jarduera eta baita urte amaierako aurrekontu egoera ere. Salbuespen bakarra ondasun zerrenda da, gaurkotu gabe baitago. Legezkotasunari dagokionez, txostenak dio Atarrabiako Udalak bete egiten duela indarrean dagoen legedia.

Aurreko urteko datuekin alderatuz, gastuak %21 jaitsi ziren, batez ere inbertsioetan gutxiago gastatu zelako. Diru-sarrerei dagokienez, %20 murriztu ziren, inbertsioei loturiko transferentzien jaitsieragatik.

Atarrabiako Udalak gastuei eusteko ahalegin handia egin du 2010etik, eta horren ondorioa da aurrezki-maila igo izana. Dena den, diruzaintzako gerakin negatiboa du (milioi batekoa), kultur etxe berriak sorturiko zorrarengatik. Obra kultur etxe zaharreko orubearen salmentarekin finantzatu nahi da. Gainerakoan, datuak hobetu egin dira, ohiko gastuari eutsi eta zergen bidezko diru-sarrerak handitu direlako.

Nolanahi ere, egungo egoera ikusita, Kontuen Ganberak gastu arruntei eusteko gomendioaz gain, sarrerak handitzeko ahalegina egitea eskatzen du. Zerbitzuen tarifak kostuetara egokitzea, inbertsioak lehenestea eta diru-laguntzen sistema berriro aztertzea dira, besteak beste, txostenak aipatzen dituen bestelako aholkuak.