Skip to main content

ASOCEX

2002/09 Azagrako Udala (1999-2000)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2002/09 Azagrako Udala (1999-2000) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak Azagrako Udalari buruzko fiskalizazio txostena plazaratu du. Bertan 1999 eta 2000ko kontuak aztertu dira. Txostena Parlamentuak eskatu zuen, UPN talde parlamentarioaren eskaria onartu ondoren.

Txostenaren hasieran lana baldintzatu dituzten mugak aipatzen dira. Izan ere, Udalaren antolaketa eta barne kontrola oso desegokiak dira eta horrek egin beharreko lana mugatu egin du. Halaber, egoera hori Udaleko langileendako ere ez da batere ona, beraien lana zaildu egiten duelako. Bestalde, aipatzekoa da fiskalizaturiko ekitaldiak 1999 eta 2000 urtekoak izanagatik, 2000ko kontuak oraindik onartu gabe daudela eta, beraz, lana behin behineko kontuetan oinarritu da.

Txostenak emaniko datuen arabera, 2000ko ekitaldian Azagrako Udalak 493 milioi gastatu eta 600 bildu zituen. Egin beharreko kontu garbitzeak egin ondoren, behin betiko superabita 64 milioikoa izan zen. Aurreko urtean Udalak 29 milioiko defizita izan zuen.

Bi aurrekontu kitapenek, oro har, ongi islatzen dute urte zehar eginiko jarduera ekonomikoa, baina bi salbuespen daude: batzutan gastuak aurreikusitakoak baino handiagoak badira ere, ez da aurrekontu aldaketarik onartzen. Eta, bestalde, beste zenbait kasutan onartu gabeko diru-eragiketak egin izan dira.

Kontuen Ganbarak ezin izan du ondare egoeraren islari buruzko iritzirik eman. Izan ere, Udalak ez du zordunen izenak biltzen dituen zerrendarik eta badira diruzaintzako salduetatik kanpo dagoen konturik, horietako bat udal kontabilitatetik kanpo.

Bestalde, Kontuen Ganbarak dioenez Azagrako Udalak ez du lege betetzen. Irregulartasunak arlo askotakoak dira: aurrekontuetan, kontratazioak, zergetan eta erosketetan. Zenbait kasutan idazkariak Udalaren asmoa legeaz kanpokoa zela erranagatik, Udalak aurrera egin eta legea urratu du. Toki Administrazioa Departamentuak horietako batzuk salatu eta Nafarroako Justizia Epaitegira eraman ditu.

Udalaren ekonomi egoerari dagokionez, \"zaila\" da, Kontuen Ganbararen aburuz. 2000ko amaieran Udalaren zorra 303.000 eurokoa zen (505 milioi pezeta) eta diruzaintzako gerakin negatiboa zuen: 156.000 euro edo 26 milioi pezeta. Beraz, zorra handia da eta Udalaren gastuak dirusarrerak baino handiagoak dira.

Kontuen Ganbararen iritziz, Azagrako Udalak ahalik eta azkarren neurriak hartu beharko lituzke hiru arlotan: legezkotasuna, antolaketa eta ekonomia egoera.

Lehen gaiari dagokionez, Azagrako Udalak legea bete eta gaur egun dituen legez kanpoko kontuak bideratzen saiatu behar du.

Udalaren barne antolaketa txarra da, batez ere barne kontrola: aurrekontu kontrola exkaxa da, diruzaintzako kontuen gaineko kontrola ere desegokia da eta diru-eragiketa batzuen justifikazioa ez da behar bezalakoa. Kontuen Ganbararen iritziz, barne kontrol sistema hobetzea guztiz premiazkoa da. Egin beharreko diru-eragiketek baimena eta justifikazioa izateaz gain, behar bezala sartu behar dira Udal kontuetan. Sistema goitik behera aldatzen hasteko udal kontu-hartzailearen plaza betetzea beharrezkoa litzateke.

Azkenik, Udalaren finantza-egoera larria da eta hura zuzentzen hasteko neurri zorrotzak hartu behar dira Udalaren bidegarritasuna ziurtatu nahi bada.