Skip to main content

ASOCEX

2004/22 Baluarte

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2004/22 Baluarte ()

Nafarroako Comptos Ganberak Iruñeko Baluarte eraikuntzari buruzko fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Lana Parlamentuak eskatu zuen, Ezker Batua parlamentari taldearen eskaera onartu ondoren.

Txostenaren hasieran gogoratzen denez, Gobernuak 1997an martxan jarri zuen proiektua. Bi urte geroago “Palacios de Congresos y Auditorio de Navarra” enpresa publikoa eratu zen. Hasiera batean enpresa publikoaren helburu bakarra kongresu jauregiaren obra lanak kudeatzea izan bazen ere, 2001ean Gobernuak Baluarteren kudeaketa lanak ere enpresaren esku uztea erabaki zuen.

Kongresu jauregiaren lanak 2000ko ekainean hasi eta inaugurazioa 2003ko urrian egin zen. Eraikuntzak 38.265 metro karratu ditu eta horrez gain 27.000 metroko aparkalekua egin da eta 10.000 metroko plaza publikoa.

Txostenak dioenez, ez gobernuak eta ezta enpresak ere ez dute inoiz obretan gastatu beharreko zenbatekoa onartu. Dena den, Industria kontseilariak (Baluarte elkartearen presidentea ere bazen) proiektuan 78,2 milioi euro (13.000 milioi pezeta) gastatuko zirela adierazi zuen, bai parlamentuan eta baita kazetarien aurrean ere. Diruari dagokionez, horixe zen enpresaren kudeatzaileen helburua. Epeari dagokionez, lanak 2003ko urrian amaitzea zuten helburu.

Obren kontratazioa berezia izan zen. Izan ere, enpresak lanak zatika atera zituen. Adjudikazioak egin aurretik, publizitatea egiten zen eta aurkeztutako eskaintzak aztertu ondoren negoziatu egiten zen, eskaintzak hobetzeko asmoz.

Comptos Ganberak emaniko datuen arabera, Baluarteren eraikuntza lanetan 7,9 milioi euro gastatu ziren (13.500 milioi pezeta). Dirutza horri BEZa gehitzen bazaio, zenbatekoa 92 milioi eurokoa (15.300 milioi pezeta) litzateke. Kontuan hartzekoa da zenbateko hori ez dela behin betikoa, edifizioa martxan jarri ondoren obra batzuk egin behar baitira, hala nola plazako zoruan, jendearen protestak urbanizazio mota aldaraziko duelako.

Proiektuaren zenbatekoa modu ofizialean onartu ez denez, Comptos Ganberak kontseilariak Parlamentuan eta kazetarien aurrean errandakoan oinarritu da. Horren arabera, Baluarteren eraikuntzan aurreikusitakoa baino ehuneko 2 gehiago gastatu da.