Skip to main content

ASOCEX

2001/12 Barañaingo Udala (2000)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2001/12 Barañaingo Udala (2000) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak Barañaingo Udalari buruzko fiskalizazio-txostena ezagutarazi du. Txostenak honako gaiak aztertzen ditu: aurrekontu-betetzea, ondare egoera, legezkotasuna, Udalaren ekonomia egoera eta aurreko txostenetan emaniko gomendioen jarraipena.

Biztanleriari dagokionez, Barañain Nafarroako hirugarren udalerria da, 21.660 bizilagun dituelako. Udalak bi erakunde autonomo ditu: Lagunak Kirol Zerbitzua eta Luis Morondo Musika Eskola.

Txostenak emaniko datuen arabera, Barañaingo Udalak 1.450 milioiko dirutza gastatu zuen iaz. Horrez gain, Udal erakunde autonomoek 291 milioi gastatu zituzten. Gastuen ehuneko 77 funtzionamendu gastuak dira: langileria, ondasun eta ohiko transferentziak. Aipatzekoa da gastuen ehuneko 44 Udalak dituen 109 langileen soldatetan gastatu zela. Beste ehuneko 20 inbertsioetan gastatu zen eta, azkenik, finantza-zamari aurre egiteko ehuneko 3 erabili zen.

Udalaren diru-sarrerak 1.921 milioikoak izan ziren. Horren ehuneko 57 transferentziak dira, ehuneko 40 zerga-bidezko sarrerak eta, azkenik, ehuneko 3 ondareak sorturikoa da.

Kontuen Ganbarak emaniko datuen arabera, aurrekontu betetzeak 470 milioiko superabita islatzen du.

Txostenak dioenez, aurrekontu betetzeak ongi islatzen ditu urteko gastu eta dirusarrerak. Ondare-balantzeak ere egoki islatzen du ondare egoera, baina azken gai honetan badago salbuespen bat: ondasun-zerrenda 1992tik gaurkotu gabe dago.

Legezkotasunari dagokionez, Udalak indarrean dagoen legedia bete egiten du, baina kontratazio arloan lege-hauste batzuk antzeman dira.

Udalaren gaur egungo finantza-egoera ona da. Izan ere, Udalak diruzaintzan 1.311 milioi ditu, aurrezkia ere handia da eta epe luzerako zorra oso txikia: 14 milioi. Dena den, txostenak dioenez gaur egungo egoera ona kezkagarri bilakatu daiteke epe laburrean, Udalaren orain arteko diru iturri nagusia, hirigintza, agortzen ari delako. Aurreikusitako eraikuntza proiektuak bukatzear daude, eta zaila da proiektu berriak sortzea etxe berriak herriko mugetaraino heldu direlako.

Horren aitzinean Kontuen Ganbarak ikerketa ekonomiko zehatza egin dezala eskatu dio Udalari. Ikerketak Udalaren beharrak, lehentasunak eta beraien finantziazio-bideak finkatu behar lituzke. Halaber, txostenak zerga-zama eta biztanleendako zerbitzuen kostuak azterzeko gomendio ematen du eta zerbitzu berrietan oso zuhur jokatu behar duela dio, batez ere oinarrizko edo derrigorrezkoak ez diren zerbitzuetan.

Erakunde autonomoen egoeraz gomendio argia egin dio Kontuen Ganbarak Udalari: kontu-hartzailetzak erakunde horien kudeaketa kontrola dezala. Txostenak dioenez, erakunde horien gastuen gaineko interbentziorik ez dago eta Udal Kontu-hartzailetzak berak egin behar luke. Bestalde, erakundeen estatutuak gaurkotu behar dira beraien autonomi-maila islatzeko eta Udalak egin behar duen kontrol sistema zehazteko.

Amaitzeko, txostenak auditorium-i buruzko aipamena egiten du. Kontuen Ganbarak dioenez, Udalak iazko urrian adjudikatu zituen obra lanak. Onarturiko aurrekontua 327 milioikoa izan zen eta obrak egiteko epea zazpi hilabete eta erdi. Epe bete bada ere, lanak ez dira amaitu. Txostenak dioenez, ez dago zentroaren erabilpenari buruzko txostenik, kudeaketa eredua ere finkatu gabe dago eta zentroak sortuko dituen gastuak nola finantzatuko diren ere inork ez du argitu.