Skip to main content

ASOCEX

2007/09 Barañaingo Udala (2005)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2007/09 Barañaingo Udala (2005) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Barañaingo Udalari buruzko fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Fiskalizaturiko ekitaldia 2005ekoa da eta bertan aztertzen diren gaiak honakoak dira: aurrekontu kitapena, ondare egoera, legezkotasuna eta udalaren finantza-egoera.

Txostenak emaniko datuen arabera, Barañaingo Udalak eta haren erakunde autonomoek (Lagunak kiroldegia eta Luis Morondo Musika Eskola) 14,2 milioi euro gastatu eta 13,4 bildu zituzten. Txostenak Auditorio Barañain fundazioaren datuak ere jasotzen ditu. Bertako auditorioa kudeatzen duen fundazioaren gastuak 812.000 eurokoak izan ziren, eta dirusarrerak, berriz, 551.000 euro. Horren ondorioz, defizita 261.000 eurokoa izan zen.

Gastuetan handienak 177 langileen ordainsariak izan ziren: 5,4 milioi. Ohiko gastu eta zerbitzuen erosketetan 3,3 milioi gastatu ziren, transferentzietan 1,3 eta inbertsioek 261.000 euro egin zuten.

Dirusarrerei dagokienez, Nafarroako Gobernuak eginiko transferentzien bidez lorturikoa da garrantzitsuena: 6 milioi euro. Beste hiru milioi zergen bidez eskuratu ziren.

Comptos Ganberak dioenez, Udalak aurkezturiko aurrekontu kitapenak ongi islatzen dituela buruturiko ekonomia jarduera eta aurrekontu egoera.

Egoera balantzea ere finantza eta ondare egoeren isla da, nahiz eta salbuespen bat izan: ondasun zerrenda gaurkotu gabe dago, 1992koa baita.

Legezkotasunaren gaineko azterketa ere Udalaren aldekoa da, oro har indarrean dagoen legedia bete egiten duelako.

Azkenik, txostenak udalaren finantza egoera aztertzen du. Alde horretatik, aipatzekoa da Udalak 745.000 euroko defizita izan zuela urte amaieran. Bestalde, epe luzerako zorra 2,3 milioikoa zen, aurreko urtekoa baino 200.000 euro txikiagoa.

Laburbilduz: Barañaingo Udalak ongi kudeatzen du aurrekontua. Finantza egoera, berriz, kezkatzekoa da Udala ez baita gauza gastuei baliabide propioen bidez aurre egiteko. Orain gutxi arte hirigintza zen Udalaren diru-iturri nagusia, baina iturri hori agorturik dago hirigintza plana amaitu delako.

Horren aurrean, Comptos Ganberak dio Udalak eman beharreko zerbitzuak eta egin beharreko inbertsioak ongi aztertu behar dituela, lehentasunak eta finantzaketa bideak finkatuz.

Erakunde autonomoei dagokienez, Udalak estatutuak gaurkotu eta beren ekonomia jarduera hobeki kontrolatu behar du.