Skip to main content

ASOCEX

1999/21 Bardeetako Elkartea (1994-1998)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

1999/21 Bardeetako Elkartea (1994-1998) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak Bardeetako Komunitatearen fiskalizazio txostena argitaratu du. Txostena Ezker Batua eta Ezker Abertzalea talde parlamentarioek eskatu zuten eta eskaerak zehazten zuen bezala, Kontuen Ganbarak azken bost urteotako kontuak aztertu ditu.

Bardeetako Komunitatea tokiko erakunde tradizionala da. Erribera aldeko hemeretzi herri, Erronkari eta Sarautzi balleak eta Olibako Monastegia biltzen ditu. Toki erakundearen xede nagusia Bardeetako lurren probetxamendua kudeatzea da.

Kontuen Ganbarak emaniko datuen arabera, azken bost urteotan ehun bat milioiko aurrekontua izan du, baina egoitza berria dela eta, 95 eta 97ko aurrekontuak handiagoak izan dira.

Dirusarrerei dagokienez, Komunitateak 100-110 milioi biltzen ditu urtean. Dirutzaren zati nagusia (70 milioi) tiro poligonoaren alokairuaren bidez jasotzen du.

Bardeeetako Komunitatean hamar lagun ari dira lanean. Horietako bat funtzionarioa da eta gainerako guztiak lan kontratudunak.

Kontuen Ganbarak dioenez, Bardeetako Komunitatearen aurrekontu kitapena ez da egokitu gaur egun toki erakunde guztiek egin behar duten eredura. Erabilitako irizpide eta moduak Komunitateak betidanik erabili izan dituenak dira eta ez gaur egun erabili beharrekoak.

Bestalde, Kontuen Ganbarak ezin izan du toki erakundearen ondasun egoera aztertu ez dagoelako ez ondare zerrendarik eta ezta kontabilitate orokorrarik ere.

Legezkotasunari dagokionez, Bardeetako Komunitatearen jarduera ekonomikoan legehauste batzuk antzeman dira aurrekontu arloan, langileriaren kudeaketan eta kontratazioan, nahiz eta azken arlo honetan publizitatea eta lehiaren irizpideak errespetatu.

Egoera ekonomikoaren azterketan Kontuen Ganbarak dio azken urteetan arazoak izan baditu ere, 1999tik egoera hobetu dela jasotako dirulaguntza batzuei esker.

Laburbilduz, Kontuen Ganbarak uste du Bardeetako Komunitateak bere antolaketa sistema eta administrazioa gaurkotu behar dituela gaur egungo beharretara egokitzeko. Aldi berean, toki erakundeek bete beharreko legedia bete behar du eta Parke Natural izateak dakartzan beharrei ere erantzun behar die. Etorkizunari begira, bi dira toki erakundearen egoera baldintzatuko duten gertaerak: alde batetik tiro poligonoaren aloketaldia amaiturik, 2001etik dirusarrera nagusia galduko du eta, bestalde, parke naturalaren kudeaketak inbertsioak eskatuko ditu.