Skip to main content

ASOCEX

2005/09 Baztango Udala (2003)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2005/09 Baztango Udala (2003) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Baztango Udalari buruzko fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Jakina denez, udalerri honek antolaketa berezia dauka, udalak, Bailarako Batzorde Nagusiak eta herrietako batzarrek osaturikoa.

Txostenak honako gai hauek aztertzen ditu: aurrekontu kitapena, ondare egoera, legezkotasuna eta udalaren eta haren erakunde autonomoen finantza-egoera. Datu guztiak 2003koak dira.

Comptos Ganberak emaniko datuen arabera, Baztango Udalak 8,7 milioi gastatu eta 10,2 milioi bildu zituen 2003ko ekitaldian. Datuoi Baztango bi udal erakunde autonomoenak gehitu behar zaizkie: Baztan ikastola (1,4 milioiko gastuak) eta Francisco Joaquin de Iriarte zahar etxearenak (408.000 euroko gastuak).

Txostenak dioenez, aurrekontu kitapenak ongi islatzen ditu ekitaldiko ekonomia jarduera eta 2003ko abenduaren 31ko aurrekontu-egoera. Egoera-balantzeak ere egoki islatzen ditu finantza eta ondare egoera, baina badago salbuespen bat: gaurkotu gabeko ondasun zerrenda.

Legezkotasunaren gaineko azterketari dagokionez, Udalak indarrean dagoen legedia gehienetan betetzen badu ere, txostenak salbuespen bat aipatzen du: Bozateko museoaren obra lanen kontratazioa. Izan ere, administrazio prozedura ez da bete lan horiek kontratatzerakoan.

Comptos Ganberak emaniko datuen arabera, Baztango Udalak 850.000 euro gastatu zituen eskultur parkean, baina Nafarroako Gobernuaren diru laguntzak eta enpresa batzuk emanikoak kontuan hartuz, gastu garbia 224.000 eurokoa izan zen.

Aipatzekoa da Udalak eta museoaren jabeak otsailaren 26 arte ez zutela hitzarmena sinatu. Comptos Ganberaren behin behineko txostenak argi erran zuen jabetzaren zesioa helburua zuen diru laguntza ematea eta hitzarmena ez sinatzea legezkontrakoa zela. Horren ondorioz, Udala eta museoaren jabea ados jarri ziren.

Azkenik, txostenak udalaren finantza egoera aztertzen du. Fiskalizaturiko ekitaldian Udalak 746.000 euroko superatiba izan zuen. Urte amaierako diruzaintzako gerakina 2,2 milioikoa izan zen, eta epe luzerako zorra 4,4 milioikoa.

Laburbilduz, eta ondorio nagusi gisa, honakoa erran daiteke: Baztango Udalak egoki kudeatzen du aurrekontua, baina badira hobetu beharreko gaiak. Horien artean Udalaren kontabilitateko egoera-orri bateratuak aurkezteko beharra aipatzen da. Izan ere, Udalaren eta erakunde autonomoen kontu guztiak ez dira batzen. Bestalde udal zerbitzuen etorkizuna aztertu behar litzateke, kostuak eta finantzabideak ere finkatuz. Azkenik, Baztango Udalak kontratazio-espedienteak hobeki egin behar lituzke.