Skip to main content

ASOCEX

2016/17 Baztango Udala (2014)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2016/17 Baztango Udala (2014) ()
Nafarroako Kontuen Ganberak Baztango Udalaren kontuen gaineko azterketa egin berri du. Baztan antolakuntza tradizionaleko udalerria da, udalak, Batzar Nagusiak eta herrietako batzarrek osatua.

Udalak bi erakunde autonomo ditu: Baztan Ikastola eta Francisco Joaquin de i

Iriarte zahar eta jubilatuen etxea. Giltxaurdi, S.L. sozietate publikoa ere aipatu behar da. 2012an sortu zen, haranaren garapen ekonomiko eta soziala sustatu eta udalerriko ondarea bultzatzeko.

Txostenak 2014ko kontu orokorrak, legezkotasuna eta udalaren finantza-egoera aztertu ditu. Aurrekontu-egonkortasuneko eta finantza iraunkortasuneko helburuak bete diren ere aztertu da.

Baztango Udalak 8,1 milioi gastatu eta 8,2 bildu zituen. Erakunde autonomoei dagokienez, Baztan Ikastolak 639.000 euro gastatu eta 660.000 bildu zituen; Francisco Joaquin de Iriarte zahar-etxeak, berriz, 408.000 euro gastatu eta 300.000 euro bildu zituen.

Udalaren gastuetan hiru kontu nabarmentzen dira, zenbateko berdintsuarekin: langileria (2,3 milioi), ondasun eta zerbitzu arrunten erosketa (2,3 milioi) eta inbertsioak (2,1 milioi).

Diru-sarrerei dagokienez, transferentzia arruntek 2,8 milioi egin zuten, zuzeneko zergek 2 milioi eta kapital transferentziek 1,6 milioi.

Kontuen Ganberak dioenez, kontu orokorrek ongi islatzen dituzte ondare eta finantza egoerak, bai eta aurrekontu-likidazioa eta emaitza ekonomikoa ere. Salbuespen bakarra da ez dagoela ondasun zerrenda eguneraturik.

Legezkotasunaz ere aldeko iritzia ematen da, Baztango Udalaren eta haren erakunde autonomo eta enpresaren finantza-jarduera bete beharreko araudiaren araberakoa baita.

Kontuen Ganberak 2014ko uholdeak ere aipatzen ditu, eragin handia izan baitzuten udalaren jarduera ekonomikoan. Izan ere, uztailaren 4ko uholdeek kalte handia sortu zuten hainbat herritan. Horren ondorioz, udalak milioi eta erdiko inbertsioak egin behar izan zituen bide, karrika, hiri-altzari eta makinerietan sortuko kalteei aurre egiteko.

Aipagarria da ez ohiko gastuak handia izan arren, udalak aurrekontu-superabitarekin amaitu zuela urtea, egoera ekonomiko onean. Erakunde autonomoen ekonomia ere ona da.

Baztango Udalak 6,5 milioiko zorra zuen 2015eko hasieran.

Lekarozko Aroztegia Jauregiaren inguruan egin nahi den garapen proiektua ere aipatzen da. Orain arte eginiko pausoak zehatz-mehatz kontatzen dira. Proiektuaren legezkotasunaz ez da iritzirik ematen, sub iudice baitago.

Kontuen Ganberak, ohi duenez, gomendio batzuk ematen ditu udal kudeaketa hobetzeko segitzeko baliogarriak izan daitezkeelakoan. Horietako bat aurrekontua, aurrekontuaren kitapena eta kontu orokorra garaiz onar daitezela. Bestalde, kontu orokorrek erakunde autonomoen datuak ere bildu beharko lituzkete. Udalaren barne kontrola erakunde autonomoetara ere zabaltzeko beharra aipatzen da. Eta, azkenik, erakunde autonomoen gobernu organoen osaketaz ere gogoeta eskatzen zaio udalari, oraingoak ez baitu udalaren kontrola bermatzen.