Skip to main content

ASOCEX

2019/08 Bermatutako Errenta eta Gizarte Inklusioa (2016-2018)

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganberak bermatutako errentari buruzko txostena argitaratu du. Ikuskaritzan errentaren kudeaketa eta kontrola aztertu dira. Txostenaren eskaera Parlamentuak egin zuen, PSNk bultzatuta.

Txostenak gogoratzen duenez, 2016an Parlamentuak gizarteratze eta bermatutako errenta arautzen dituen legea onartu zuen. Errentaren helburua zen gizartean bazterturiko jendeari oinarrizko laguntza ematea.

Laguntza familiei dago zuzendua. Horri esker, hilero 610 eta 1.220 euro arteko laguntza jasotzen dute. Printzipioz, urtebeterako laguntza bada ere, berritu daiteke.

Hartzaileak eskakizun batzuk bete behar ditu: Nafarroan bizitzea; lan bila aritzea; lanpostua eskaintzak onartzea; eta oinarrizko gizarte edo enplegu zerbitzuek gizarteratzeko antolatzen dituzten ekimenetan parte hartzea.

104 milioiko gastua

Kontuen Ganberak diru-arazoak dituzten familiendako gastuaren bilakaera aztertu du. Azken urteotan, diru saila nabarmen handitu da. 2004an 31 milioi gastatu ziren, eta 104 milioi iaz.

Kudeaketa Eskubide Sozialen Departamentuko Diru-sarreren Bermearen eta Lankidetzaren Zerbitzuaren esku dago. Oinarrizko gizarte zerbitzuek eta Departamentuko Idazkaritza Teknikoak eta Ikuskaritza zerbitzuek ere parte hartzen dute.

Prozedura eta kontrola

Prozedura interesatuak hasten du, eskaera aurkeztuz. Eskaera jaso eta berehala, Departamentuak Zerga Ogasunari informazioa eskatzen dio, eskatzaileen zerga egoera ezagutzeko. Nafar Lan Sarearekin ere informazio trukaketa dago: batetik, eskatzaileak lan bila ari direla ziurtatzeko; bestetik, lan eskaintzak jasoko dituztela bermatzeko. Errolda eta elkarbizitza datuen inguruko ikerketa Foruzaingoaren esku dago.

Genero-indarkeria pairatzen dutenentzat prozedura berezia dago, lehentasunezkoa. Duela bi urte, bi eskatzaile joan ziren bide horretatik; iaz 33 izan ziren.

2017 eta 2018an 16.000 inguru errenta eskaera izan ziren: urtean, guztira, 37.000 langunek hartu zuten. Gehienak (10.200) Iruñerrian, bigarren postuan Tutera aldea dago (5.400) eta Lizarra aldea hirugarrenean (3.300).

Familia bakoitzak jasotako bataz besteko kopurua handitu egin da azken urteotan. 2014an hiru laguneko familiek, bataz beste, 570 euro jaso zuten. Iaz, berriz, 792 euro. Sei eta hortik gorakoetan ere sumatu da igoera: 2014an 724 jaso zuten, eta 1.014 iaz.

Emakume gehiago

Bermatutako errenta jasotzen dutenen artean gehiago dira emakumeak gizonak baino. Alde hori, gainera, handitu egin da. Iazko azaroan jasotzaileen %59 emakumeak ziren.

Jatorriari dagokionez, %42 espainiar estatukoak dira, %29 afrikarrak %19 Iberoamerikakoak eta %10 Europako beste estatu batetik etorriak.

Lanean hasteko moduan daudenen artean, %30ren batek lana lortzen du. 2016an 21.000 lagunetik 5.600 hasi ziren lanean. 2017an %31ra igo zen portzentajea, eta iaz %30era jaitsi.

Horren ondorioz, iaz 1.200 familiak bermatutako errenta kobratzeari utzi zioten.

Laburbilduz: Kontuen Ganberaren ustez bermatutako errenta garrantzi handikoa da, behartsuenei gutxieneko laguntza eskaintzen zaielako. Horren kudeaketa ona da, legea bete egiten da, eta horren gaineko kontrola ere egokia da.

Txostenak errentaren kudeaketa hobetzen segitzeko gomendio batzuk eskaintzen ditu.