Skip to main content

ASOCEX

2000/16 Burlatako Udala (1999)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2000/16 Burlatako Udala (1999) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak Burlatako Udalaren fiskalizazio-txostena argitaratu du. Txostenak 1999ko aurrekontu betetzea, ondare egoeraren isla, legezkotasuna eta udal finantza-egoera aztertu ditu.

Burlatako Udalak hiru erakunde autonomo ditu: Hilarion Eslava Musika Eskola, Kultur eta Festen Patronatua eta Kirol Udal Patronatua.

Kontuen Ganbarak emaniko datuen arabera, Burlatako Udalak 1.351 milioi gastatu zituen iaz. Dirutza horri erakunde autonomoetako 295 milioiko aurrekontua gehitu behar zaio. Dirusarrerei dagokienez, Udalak 1.426 milioi bildu zituen eta erakunde autonomoek 293 milioi.

Gastu nagusiak \"funtzionamendu gastuak\" dira (langileria, ondasun eta ohiko transferentziak). Gastu horiek ehuneko 80 dira eta ehuneko 20 igo dira aurreko datuekin alderatuz. Bigarren gastu nagusia finantza-zamari aurre egiteko erabili beharrekoa da: ehuneko 11. Eta, azkenik, inbertsioetarako gastuen ehuneko 9 erabiltzen da.

Dirusarrera nagusiak Nafarroako Gobernuaren transferentziak dira, horri esker Udalak ehuneko 63 eskuratzen baitu. Udal zergen bidez ehuneko 36 biltzen du eta ondare dirusarrerak ehuneko 1 besterik ez dira.

Kontuen Ganbarak dioenez, Udalak aurkezturiko aurrekontu kitapenak ongi islatzen du 1999ko jarduera ekonomikoa. Egoera-balantzeak ere ongi islatzen du ondare-egoera, nahiz eta udal ondasun zerrenda gaurkotu gabe egon.

Kontuen Ganbararen txostenak legezkotasuna ere aztertu du. Alde horretatik Udalak, oro har, indarrean dagoen legedia betetzen badu ere, badira arau-hauste batzuk, bai kontratazio arloan eta baita aurrekontu arloan ere.

Burlatako Udalaren finantza-egoeraren azterketak epe luzerako zorra azpimarratzen du. Izan ere, iazko abenduaren amaieran Udalak 1.288 milioiko zorra zuen. Egoera zuzentzeko Udalak ohiko dirusarrerak handitu eta funtzionamendu gastuak gutxitu behar ditu. Halaber, epe luzerako zorra ez handitzeko ahalegina egin behar du.

Kontuen Ganbarak Burlatako Udalaren finantza-egoeraren eta biztanleria berdintsua duten beste udalen egoeraren arteko azterketa egin du. Horren konklusio nagusiak honakoak dira: Burlatako Udalak besteek baino gutxiago biltzen du udal zergen bidez, ehuneko 40 hain zuzen. Bestalde, Burlatak beste udalek baino ahalmen murritzagoa dauka zor maila handitzeko.

Azkenik, Kontuen Ganbarak azken txostenetan emaniko gomendioak zenbateraino bete diren aztertu du. Txostenak positibotzat jotzen du kontu sistema eta barne kontrola hobetzeko harturiko neurriak. Hirigintza arloan, aldiz, ez da deus hobetu. Kontuen Ganbarak, berriro, udal hirigintza plana onartzeko eta hirigintza arauak betetzeko eskatu dio Burlatako Udalari.