Skip to main content

ASOCEX

2013/09 Cintruenigoko Udala (2011)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2013/09 Cintruenigoko Udala (2011) ()
Kontuen Ganberak Cintruenigoko Udalari buruzko fiskalizazio txostena plazaratu du. Txostenak Parlamentuak eskatu zuen, Nafarroa Bai taldearen eskariaren ondorioz.

Txostenak 2011ko kontu orokorra, legezkotasuna eta finantza egoera aztertu ditu. Azterketa zaildu duten bi kontu aipatzen dira: batetik, Udalaren eta haren erakunde autonomoen kontu bateraturik ez dela egiten eta, bestetik, udaleko funtsezko bi lanpostuak (idazkari eta kontu-hartzailea) ez direla finkoak.

Txostenak emaniko datuen arabera, 2011n Cintruenigoko Udalak 7,2 milioi gastatu eta 8,2 bildu zituen. Gastuen erdiak langileriarenak dira, %39 bestelako ohiko gastuak eta gainerakoa kapital eta finantza zamari dagokie. Diru-sarrera nagusiak zergen bidezkoak dira (%56), transferentzietatik %43 jaso zuen eta gainerakoa ondare diru-sarrerak dira.

Kontu orokorra aztertu ondoren, gabezia batzuk aipatzen dira: kontu informazio bateraturik eza, gastuak egitean kreditu-muga ez dela beti errespetatzen eta Zahar-Etxearen egoera, diru-sarrerak eskasak dituelako gastuei aurre egiteko.

Legezkotasunari buruzko iritzia udalaren aldekoa bada ere, salbuespen bat dago: Zahar-Etxeko langileriaren kontratazio sistema.

Kontuen Ganberak dioenez, udalak gastu eta diru-sarrerak gutxitu ditu aurreko urteko datuekin alderatuz. Murrizketa inbertsioen jaitsieraren ondorioa izan da, ohiko gastu eta sarrerak handitu egin baitira. Epe luzerako zorra 5,6 milioikoa da, aurreko urtean baino zertxobait txikiagoa. Esan bezala, Zahar-Etxearen egoera da kezkagarriena, diru-zaintzako arazoak izanik mailegu, kreditu eta aurrerakinak eskatu behar izaten baititu egoerari aurre egiteko.

Txostenak Cintruénigo de Servicios Municipales udal enpresaren egoera gogor salatzen du. Izan ere, balantze zein emaitza-kontuan akatsak daude eta, gainera, ez du BEZren gaineko legedia bete. Horrek kalte ekonomiko larria ekar liezaioke enpresari, ordaindu beharrekoa 180.000 euro izan litekeelako.

Hori guztia ikusirik, Kontuen Ganberaren ustetan kontabilitateak ez du udal enpresaren egoera islatzen.

Laburbilduz: Kontuen Ganberak dei bat egiten dio udalari antolaketa, prozedurak eta lan ildoak ahalik azkarren alda ditzan. Ur-Batzordea eta udal enpresa desagerrarazi behar lituzke eta langileriaren kudeaketa aldatu behar da, batez ere udal enpresan. Kontabilitatearen kudeaketa ere hobetu behar da, aurrekontuaren jarraipen eta kontrolerako egokia izan dadin.

Betalde, Nafarroako udal mapa berriaren inguruko eztabaida hasia den honetan, Kontuen Ganberak Cintruenigoko egoera aipatzen du, orain arteko joera txarren adibide argia delakoan. Izan ere, udalak lau mankomunitatetan parte hartzen du, inguruko udal ezberdinekin.