Skip to main content

ASOCEX

2005/05 Corellako Udala (2003)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2005/05 Corellako Udala (2003) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Corellako Udalaren 2003ko fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Bertan honako gai hauek aztertzen dira: aurrekontu kitapena, ondare egoera, legezkotasuna eta udalaren finantza egoera.

Txostenak emaniko datuen arabera, Corellako Udalak 7,8 milioi gastatu eta 8,2 bildu zituen. Gastuetan handienak finantza pasiboek eragin zuten: 2,5 milioi. Bigarren gastu sail handiena udal langileen soldatei dagokie: 2,3 milioi. Ohiko erosketa eta zerbitzuetan, berriz, 1,4 milioiko dirutza gastatu zuen.

Dirusarrerei dagokienez, maileguen bidez lortu zuen diru sail nagusia: 3 milioi. Nafarroako gobernuaren transferentziek 2,1 milioi egin zuten eta zuzeneko zergen bidez 1,3 milioi lortu zuen.

Comptos Ganberak dioenez, aurrekontu kitapenak ongi islatzen ditu ekonomia jarduera eta udalaren aurrekontu egoera. Egoera balantzea ere ondare egoeraren isla da, baina badira bi salbuespen: alde batetik, ondasun zerrenda gaurkotu gabe dagoela, 1991ekoa baita. Eta, bestetik, Udalaren eta bizilagunen arteko auzien ondorioz sor litezkeen ordainketak.

Legeztasunaren gaineko azterketak kiroldegiari buruzko txostena gogoratzen du. Jakina denez, iaz argitaratu zen txostenak obretan gertaturiko irregulartasunak bildu zituen. Proiektuak 626.000 euroko gastua eragin zuen 2003ko ekitaldian.

Txostenak dioenez, 2003ko ekainean 29.970 euroko dirutza ordaindu zen futbol zelaia eta aldagelen proiektua aldatzeko, nahiz eta gastua onartzeko akordiorik ez egon eta, gainera, kontu hartzaileak horren aurkako agiria sinatu.

Igerileku estaliaren obrak 2003ko maiatzen adjudikatu baziren ere, ez dira hasi. Azkenean enpresak adjudikazioa bertan behera uztea eskatzeaz gain, kalte-ordaina ere eskatu zion Udalari. Udalak lehenbizikoa onartu eta bigarrenari uko egin zion.

Legezkotasunari dagokion beste salbuespen bat herriko enpresei emaniko laguntzak dira. Comptos Ganberaren ustez, industria bultzatzeko onartu diren laguntzak indarrean dagoen legediaren aurkakoak dira.

Azkenik, txostenak udalaren ekonomia egoera aztertzen du. Comptos Ganberak dioenez, urte amaieran Udalak 795.000 euroko superabita izan zuen eta diruzaintzan 516.000 euro zituen. 2003ko abenduaren 31ko zorra 2,4 milioikoa zen. Dirutza hori, funtsean, inbertsioetarako erabili da.