Skip to main content

ASOCEX

2014/12 Foru Administrazioak baso-ustiapenean eginiko inbertsioak (1997-2012)

Argitalpen data
Nafarroako Kontuen Ganberak Foru Administrazioak baso-ustiapena sektoreko enpresa batzuetan eginiko inbertsioak aztertu ditu.

Txostena egiteko eskaera Parlamentuak egin zuen, Ezkerra taldeak bultzaturik. Parlamentuak honakoa aztertzeko eskatu zion Kontuen Ganberari: Deltor Green, F.I. Excavaciones y Reforestaciones eta Plantaciones Forestales enpresetan sarturiko diru publikoa eta Gobernuak eta enpresa publikoek aipaturiko enpresekin eginiko kontratuak.

Kontuen Ganberak Echauri Forestal, S.L. eta Foresta Mantenimiento de Plantaciones enpresen jarduera ere aztertu du. Lehenbizikoa aurretik aipaturikoek sortu zutelako; eta bestea, Echauri Forestal enpresarentzat lan egin zuelako.

Txostenak dioenez, Viveros eta Nafinco enpresa publikoak egur nobleen negozioan sartu ziren, Excavaciones y Reforestaciones enpresak eta enpresa honek kide bakarra zuen Deltor Green-ek eskaturik. Horren ondorioz, Echauri Forestal enpresa mistoa sortu zen eta Foru Administrazioa Deltor Green-en kapitalean sartu zen.

Echauri Forestal enpresaren helburua zen genetikoki aberasturiko zuhaitzak landatu eta saltzea. Horretarako, Gobernuak Etxaurin zuen lur-eremua utzi zion.

Proiektua 25 urtera begira egin zen, eta Ekonomia Kontseilaritzak bultzatu eta babestu zuen.

Viveros enpresa publikoak gehiengoa (%70) eta arloan esperientzia bazuen ere, kide pribatuaren esku utzi zuen dena, bai proiektua eta baita hari loturiko kontratuak ere.

Kontuen Ganberak dioenez, ez da arrazoizkoa enpresa publikoak kontrol osoa kide pribatuaren esku utzi izana.

Enpresen arteko operazio batzuen ondoren, 2006tik Nafinco zen Echauri Forestal enpresaren jabe bakarra. Handik urte betera, Deltor Green eta F.I. Excavaciones y Reforestaciones enpresen erdiaz jabetu zen. Aipatzekoa da 2005etik Deltor Greenek ez zituela betetzen Nafincori aurkezturiko negozio planean aipatzen zituen datuak. Hala ere, handik bi urtera, enpresa publikoak enpresari emaniko maileguak enpresaren akzio bihurtzea erabaki zuen, Deltor Green-en kapitalaren erdiaz jabetzeko.

2002tik 2012ra, Echauri Forestal enpresak lau milioi euro gastatu zituen egur nobleen landaketan. Gehiena zuzenenean kide pribatuei eta Foresta de Mantenimiento enpresari eman zitzaien. Finantzaketaren zati nagusia, berriz, enpresa publikoek jarri zuten.

2002an, Echauri Forestal-ek 23.000 zuhaitz-landare erosi zizkion F.I. Excavaciones y Reforestaciones enpresari (Deltor Green enpresaren menpekoa). Zuhaitz-landarearen prezioa 27,05 euroan finkatu zen. Handik bost urtera, beste 8.000 erosi zizkion Foresta Mantenimiento de Plantaciones enpresari, bakoitzagatik 42,3 euro ordainduz. Erositakoak lau zuhaitz-landare mota ziren: intxaurrondo beltz amerikarra, gereziondo beltz amerikarra, haritz gorri amerikarra eta haritz txuri amerikarra.

Prezioari dagokionez, Kontuen ganberak erreferentzia bat eskaintzen du: Deltor Green enpresak berak 2003an zioenez, landareen prezioa 12 eurokoa zen.

Erositako 31.000 landareetatik, 2011n 9.000 baino gehiago galduak ziren. Aipatzekoa da 2007an %35 aldatu behar izan zirela, horien artean, haritz guztiak. Nabarmentzekoa da hori, inbertsio proiektuaren berme nagusienetakoa Plantaciones Forestales enpresaren teknologia zelako, punta-puntakoa, nonbait, egur nobleak landatu eta garatzeko.

Mantentze lanei dagokienez, urteko prezioa aldatzen joan zen. Merkeena 135.000 eurokoa izan zen. Garestiena, berriz, 336.000 euro. Ganasa enpresa publikoa 2012an lanez arduratu zenean, merkeagoa izan zen: 60.000 euro.

Kontuen Ganberak dioenez, enpresa publikoek 3,7 milioi galdu zituzten egur nobleen negozioan: 900.000 bat euroko galera Echauri Forestal enpresaren galerak eta bere kapitalean sartu izanak eragin zuten; eta beste hiru milioiko galera, berriz, F.I. Excavaciones y Reforestaciones enpresaren porrotak eragin zuen (Deltor Greenena zen enpresa hori). Aipaturiko enpresen kapitalean parte hartzeaz gain, Nafincok mailegu eta abalak emanak zizkien.

Laburbilduz: Kontuen Ganberaren ustez egur nobleen negozioan parte hartu eta Deltor Green enpresaren kapitalean sartzeko erabakia ez dago justifikaturik. Txostenak dioenez, Foru Administrazioak enpresetan parte hartzeko erabakia har dezake, baina beti ere ohiko bideetatik eta txosten teknikoetan oinarriturik.

Amaitzeko, Kontuen Ganberak horrelako inbertsioak kontrolatzeko beharra azpimarratzen du, batez ere kapitalaren zati nagusia publikoa denean, kasu honetan bezala.