Skip to main content

ASOCEX

2012/26 Foru Ogasunaren egoera, 2012ko ekainaren 31n

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2012/26 Foru Ogasunaren egoera, 2012ko ekainaren 31n ()

Nafarroako Kontuen Ganberak Foru Ogasunaren egoerari buruzko txostena argitaratu du. Nafarroa Bai, Bildu eta Ezkerra taldeek eskaturiko fiskalizazioaren helburua zen aurtengo ekainaren amaierako egoera ezagutzea. Honakoak dira, hain zuzen, azterturiko kontuak: diru-sarreren egoera urteko bigarren seihilabetean, gastuen betetzea eta zorraren egoera. Txostenak horiek guztiak zehazten ditu, eta baita Foru Ogasunaren finantza egoera ere, Parlamentuak ahalik eta ikuspegi zabalena izan dezan.

Txostenaren aurkezpenak azpimarratzen duenez, 2012ko aurrekontua egiteko aurreikuspenak aldatzen joan dira, zergen bidezko sarrerak gutxitu direlako. Horrek defizita handiarazi du, eta gastuak ere murriztu behar izan dira. Kontuen Ganberak eskaintzen duen irudia ere aldakorra da, egoera ekonomikoak baldintzatu egiten duelako.

2012ko datu nagusiak

Kontuen Ganberak aurtengo ekainaren 30eko aurrekontu itxiera aztertu du. Alde horretatik, txostenak dio Gobernuaren kontuek ongi islatzen dituztela ordu arteko diru-sarrerak eta gastuak.

Nafarroako Gobernuaren aurrekontuak 3.380 milioiko diru-sarrerak eta 3.168 milioiko gastuak aurreikusia zituen. Ekainaren amaiera arte 1.969 milioi bildu eta 1.795 milioi gastatu ziren.

Zergen bidezko sarrerak 1.297 milioikoak izan ziren: 473 milioi zuzeneko zergen bitartez eta 742 milioi zeharkako zergei esker. Aurten berreskuratu den Ondasunen gaineko zergak 26 milioi eman ditu.

Txostenak dioenez, ekainera arteko gastuetan badira, gutxienez, aurreko urteari dagokion 55 milioiko gastua, gehiea Osasunbideak egina. Kreditu faltagatik edo diru-partida blokeaturik utzi zutelako, kontua da zenbateko hori ezin izan zela zegokion ekitaldiari egotzi. Bestalde, ekainera arte eginiko 27 milioiko gastua zenbatu gabe dago, tramiteren bat falda delako edo Gobernuak blokeatzeko agindua eman duelako.

Beraz, gastuen %46 egina zegoen urteko lehen sehilabetean, eta diru-sarreren %51 ere bildua. 2011koekin alderatuz, gastuak 32 milioitan handitu dira eta diru-sarrerak ere handiagoa dira, 269 milioi gehiago, hain zuzen.

Gastuetan gora egin dutenak honakoak dira: finantza-gastuak, ohiko ondasun eta zerbitzuak eta kapital transferentziak. Ohiko transferentzietan eta langilerian, ordea, gutxiago gastatu da: 16 eta 11 milioi gutxiago, hurrenez hurren. Urterako aurreikusitako zorra (420 milioi) lehen sei hilabeteetan hartu da.

Urteko lehen sei hilabeteetako ohiko diru-sarrerak eta kapital sarrerak ez dira aski izan gastuei aurre egiteko eta, beraz, kanpoko finantzaketa hartu behar izan da. Aurrekontu emaitza negatiboa 231 milioikoa zen ekainaren amaieran, baina bi hilabete geroago 124koa zen, gastuen kontrolagatik eta diru-sarrerak ez finantzarioen bilakaeragatik.

Nafarroako Ogasunaren zorra 2.725 milioikoa zen aurtengo ekainaren amaieran: 2.319 milioi Gobernuarenak dira eta 400 milioi enpresa publikoenak. Aipatzekoa da ekainaren amaieran bertan Gobernuak 200 milioiko mailegua hitzatu zuela banku batekin.

Azken urteotan nabarmen handitu da ogasunaren zor-maila, txostenak berak frogatzen duen bezala. Izan ere, krisia hasi arte 640 milioiren inguruan zegoen bitartean, duela bi urte 984 milioira igo zen eta iaz 1.344 miloira. Esan bezala, Foru Ogasunak 2.319 milioiko zorra zuen ekainaren amaieran, enpresa publikoena kontuan hartu gabe.

Kontabilitate nazionalaren datuak

Finantza-datu guztiak “kontabilitate nazionala”ren arabera kalkulatzen dira, Europan erreferentzia bakarra izan dadin. Kontabilitate sistema horren helburua da, beraz, irizpide bakarra finkatzea Europako administrazio guztietan. Sistema horrek administrazio publikoaren kontzeptua bera ere zabaldu egiten du, eta Nafarroan Administrazioan erabiltzen diren irizpide batzuk aldatu egiten ditu.

Horren arabera, Nafarroako Foru Ogasunak 350-380 milioi bitarteko laguntza beharko luke egoerari aurre egiteko, alegia, Nafarroako BPGren %1,9 eta 2,1 arteko portzentajea. 2012rako legez onarturiko defizita %1,5 dela kontuan harturik, finantzaketa-beharrak 75etik eta 105 milioi artean desbideratu dira ekainera arte.

Jakina denez, Madrilgo Gobernuak 459 milioitan finkatu zuen nafar ogasunaren beharrak (BPGren %2,5). Txostenak dioenez, kontuan hartzekoa da Nafarroak ogasun propioa duela eta, beraz, diru-sarrerak zuzenean biltzen dituela. Ekainaren amaieran PFZren aitorpen kanpainian itzuli beharrekoa ordaindua zuen, baina jaso beharrekoa oraindik kobratu gabe zegoen.. Horrek eragina izan zuen ekainaren amaierako aurrekontu egoeran.

Zorrari dagokionez, 2.944 milioikoa da, kontabilitate nazionalaren irizpideei jarraituz. Batetik, esan bezala, administrazio publikoaren definizioa zabalagoa delako eta, bestetik, enpresa pribatuekin elkar lanean eginiko inbertsioak ere (“Itzalpeko ordain-saria”) zortzat hartzen delako.

Hau dena kontuan hartuz, eta aurrekontu egonkortasunerako plan ekonomikoari jarraituz, Nafarroak ez du ia zorrik hartzeko ahalmenik. Dena den, urte amaitu arte itxoin beharko da egoera baieztatzeko, orduan amaituko baitira aurreikusitako amortizazioak.

Konklusio eta gomendioak

Kontuen Ganberarentzat txosten mota hau berria da, orain arte sekula ez baitzuen amaitu gabeko ekitaldiari buruzko fiskalizaziorik egin. Txostenean Ogasun Departamentuko teknikarien lana eskertzen da, hilabetez-hilabeteko informazioa emateko egiten duten ahaleginagatik. Aipatzekoa da informazio hori gobernuaren Web orrian dagoela ikusgai.

Txostenaren konklusioetako bat da aurrekontuak egiterakoan errealistago jokatu behar dela, batez ere Osasunbidean, aurreikustakoa ez baita aski izaten urteko gastuei aurre egiteko. Gastuen blokeo edo geldiketari dagokionez, konpromisoa egina dagoenean arazoak besterik ez ditu sortzen. Izan ere, kontabilizazioa hurrengo urteetara eramatea izaten da eragin bakarra.

Kontuen Ganberaren ustez, Gobernuak bere antolaketa aztertu beharko luke, eta baita gastuen irizpideak ere, helburuak ongi zehaztuz eta ondorengo azterketa aurreikusiz, hori baita eraginkortasunean aitzina egiteko bide bakarra. Zerga sistemaren inguruko hausnarketa ere egin behar da, besteak beste oraingo benefizio edo kenketak arrazoizkoak ote diren erabakitzeko. Bestalde, iruzur fiskala eta ekonomia beltzaren aurkako borroka indartzeko beharra azpimarratzen da.

Azkenik, Kontuen Ganberak uste du krisiaren aurkako neurri bakarra austeritatea baldin bada, horrek Nafarroako gizartearen kohesioan eragina izan dezakeela. Horregatik, aurrekontu-orekaz gain ekonomia eta enplegua berpizteko neurriak eskatzen ditu.