Skip to main content

ASOCEX

2017/10 Gizarte-larrialdietarako diru-laguntzak (2015)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2017/10 Gizarte-larrialdietarako diru-laguntzak (2015) ()
Nafarroako Kontuen Ganberak gizarte-larrialdietarako diru-laguntzei buruzko txostena kaleratu du. UPNk eskaturiko txostenaren helburua da Eskubide Sozialetako Departamentuak 2015ean emaniko gizarte-larrialdietarako laguntzak aztertzea.

Txostenak dionez, 2015ean 66 milioi bideratu ziren egoera larrian dauden nafar familiei laguntzeko. Horren zati nagusia (64 milioi) Gizarteratzeko Errenta eta antzeko laguntzetara bideratu zen. Gainerakoa, dirurik ez duten pertsonendako ez ohiko laguntzetan gastatu zen.

Horiez gain, bada beste laguntza mota bat: gizarte-larrialdietarako diru-laguntzak. Horiek ere ez ohikoak dira, egoera larrian daudenei laguntzea dute helburu eta tramitazio azkarragoa dute, tokiko gizarte zerbitzuek kudeatzen dituztelako. Beti ere, behartsuenen egoera hobetzea dute helburu. Finantzaturiko gastuak honakoak dira: etxekoak, elikadura, osasuna eta hezkuntza.

2015eko urrian, Eskubide Sozialetako Departamentuak deialdi bat egin zuen horrelako diru-laguntzak banatzeko. Nafarroan dauden oinarrizko gizarte zerbitzuen bidez kudeatu zen.

Gobernuak 1,6 gastatu zuen laguntza horietan. 3.000 familiak hartu zuten laguntza, 9.600 lagun guztira, horietatik 3.700 adingabe. Famili bakoitzak, bataz beste, 520 euro jaso zuen. Diru-laguntzen %45 etxeko gastuetarako erabili zen, %26 elikaduran eta osasun arloan, %12 argindarra ordaintzeko, %11 oinarrizko beste behar batzuetan eta %6 hezkuntza eta gizarteratze arloan.

Ez ohiko diru-laguntzak eta gizarte-larrialdietarakoak alderatuta, finantzaturiko kontzeptuak berdinak izaten dira. Dena den, gizarte-larrialdietarako diru-laguntzak askoz azkarrago tramitatzen dira, tokiko gizarte zerbitzuen esku daudelako.

Kontuen Ganberak oinarrizko gizarte zerbitzu guztietako espediente batzuk aztertu ditu. Horren konklusioa da, orokorrean, diru-laguntza horiek ez direla erabili emergentziazko egoerak konpontzeko, eskatzaileek duten ohiko gastuei baizik. Batzuetan finantzaturiko gastuak ez dira deialdiak aipaturikoak, ez baitira larrialdi-egoeretarako erabili.

Bestalde, herrietako zerbitzu batzuek eskatzaileak aurretik ordainduriko gastuak finantzatu dituzte. Iruñeari dagokionez, larrialdietarako laguntzak eta ez ohikoak aldi berean tramitatu ziren. Eskatzaileak ez ohikoa jasoz gero, besteak itzuliko zuelako konpromisoa hartu zuen. Txostenak dioenez, ez da horren jarraipen egokirik egin.

Kontuen Ganberak dioenez, Eskubide Sozialetako Departamentuaren deialdiak ez zituen laguntzen kudeaketa eta kontrolaren xehetasun batzuk zehaztu. Horren ondorioz, gizarte zerbitzuek prozedura ezberdinak erabili dituzte.

Nolanahi ere, 2016 eta 2017ko deialdiak nabarmen hobetu dira. Izan ere, diru-laguntzen kudeaketa sistema informatiko batean sartu dira, laguntzen zenbatekoa ez dadin sekula gastuak baino handiagoa izan. Dena den, oraindik ez dago gizarte zerbitzu guztiek bete beharreko kudeaketa sistema bakarra.

Kontuen Ganberak, azkenik, bi laguntza horiek (ez ohikoa eta larrialdietarakoa) mantentzeaz gogoeta eskatzen dio Gobernuari, biek helburu berdintsua baitute.