Skip to main content

ASOCEX

2006/18 Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuari buruzkoa (2002-2005 ekitaldiak). Bereziki ahalmen urrikoak

Argitalpen data

Nafarroako Comptos Ganberak Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuari buruzko fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Parlamentuak eskaturiko txostenak honako gai hauek aztertu ditu: Departamentuaren kudeaketa, batez ere mendekotasun arloari dagokionez; besteen beharra dutenendako zerbitzuen azterketa ekonomikoa; eta mendekotasun arloan dauden planen zenbateraino bete diren.

Txostenaren hasieran gaiari loturiko datu batzuk eskaintzen dira, hala nola gizonezkoen bataz besteko bizi-itxaropena 77 urtekoa dela, eta emakumezkoena, berriz, 84 urtekoa. 65 urtetik gorakoak 103.637 dira, biztanle guztien %17,4. Portzentajeak gora eginen du datozen urteotan. Comptos Ganberak emaniko datuen arabera, 65 urtetik gorakoak biztanleriaren %20 baino gehiago izanen dira 2020. urtean.

Ahalmen urriko biztanleriari dagokionez, %12 igo da azken hiru urteotan. Gaur egun 31.346 elbarri daude Nafarroan, biztanleariaren %5. Gutxituen artean 65 urtetik gorakoak %43 dira.

2002-2005 epean departamentuaren gastuak %24 igo dira. Iazko ekitaldian 197 milioi egin zuten. Dena den, igoera aurrekontuen igoera baino txikiagoa izan da, epe horretan %29 handitu baitziren. Gaur egun, departamentuaren gastuak aurrekontuen % 6 dira.

Comptos Ganberak departamentuaren aurrekontu-programak aztertu ditu. Alde horretatik, helburu eta xede horiek zenbateraino bete diren aztertzeko sistemarik ez dagoela dio. Aurrekontu-sistemak, beraz, huts egiten du eta departamentua arazoa txostenen bidez gainditzen saiatzen da. Comptos Ganberak dioenez, ez dago kostuak kalkulatzeko sistemarik. Horregatik, dei bat egiten dio departamentuari kudeaketarako informazio sistema martxan jar dezan. Horrek kostuak zehazteko ez ezik, lorturiko helburuak neurtzeko ere balio beharko luke.

Departamentuaren beste arazo bat plangintza orokor eza da. Izan ere, departamentuak lortu nahi dituen helburuen gaineko plangintzarik ez da egin, bigarren plan gerontologikoa ere ez da onartu (lehenbizikoa duela sei urte amaitu zen) eta ahalmen urrikoen atentziorako plan orokorra ere falta da.

Comptos Ganberaren aburuz, departamentuaren helburu nagusiak zehaztu behar dira, Madrilgo korteetan eztabaidatzen ari den mendekotasun legea ere kontuan hartuz, hemengo legedira egokitu beharko baita. Aipatzekoa da Nafarroako Gobernuak gizarte zerbitzuen foru proiektua onartu berri duela, eta horren arabera urte beteko epea daukala gizarte zerbitzuen plana onartzeko.

Departamentuaren langileriari dagokionez, 673 dira lanpostuak, duela hiru urte baino 40 gutxiago. Behin betiko langileen kopurua %21 gutxitu da eta bete gabeko plazak bikoiztu egin dira. Gaur egun 216 lanpostu daude bete gabe. Hau dena ikusirik, Comptos Ganberak dio behin behinekotasuna gutxitu egin behar dela, batez ere beti beharrezkoak diren lanpostuetan. Bestalde, departamentuaren zentroetan absentismoa handia da: %15.

Hirugarren adinekoendako zentroetan ari diren langileen soldata zein lan-orduetan alde handiak daude, langileak funtzionarioak diren ala ez. Azken hauek, zenbait kasutan, %44 gehiago irabazten dute eta lan-orduak ere gutxiago dira.

Gizarte babesean gastaturiko dirutza (hirugarren adina eta ahalmen urrikoak) %4 gutxitu da azken hiru urteotan. Iazko ekitaldian 86 milioi gastatu ziren. Konparazioa barne produktuaren portzentajearekin eginez gero jeitsiera nabarmena da, %14 gutxiago gastatu baitzen iaz duela lau urte baino.

2003ko datuak kontuan hartuz, Nafarroak gehiago gastatzen du ahalmen urrikoen atentzioan Estatuaren bataz bestekoa baino: Gastu guztien %52 da Nafarroan gastaturikoa eta %0,32 Estatuaren bataz bestekoa. Dena den, portzentajea urrun dago Europako bataz bestekotik. Alemania eta Frantzian %1 baino gehiago gastatzen da, eta Europako Iparraldeko estatuak %3ra heldu dira.

Hirugarren adinari dagokionez, Nafarroako Gobernuak 20 milioi gastatzen ditu hainbat zerbitzutan: zaharrendako etxeak, larrialdietarako telefonoa, etxeko atentziorako laguntzak, pentsioak¿

Zahar-etxe publiko eta irabazteko asmorik gabeko erakundeen zentroetan 1.300 euroren inguruan dago hilabeteko prezioa. Enpresa pribatuek, berriz, 1.600 euro kobratzen dute, batez beste. Guztira 952 plaza daude gaur egun Nafarroako zahar-etxeetan.

Estatuko bataz besteko datuekin alderatuz, Nafarroaren egoera ona da: 65 urtetik gorako 100 biztanleko 5,3 plaza daude eta 3,7 estatuan. Europar Batasunean, aldiz, portzentajea handiagoa da. Datu hoberenak Danimarkakoak dira: 13 plaza 100 biztanleko.

Ahalmen urrikoen egoera hobetzeko gastaturikoak 28 milioi egin zuen iaz. Eskainitakoaren artean zentro propio eta kontzertaturikoak daude, etxean bizi direnendako laguntzak, ez ohiko laguntza eta autoa erosteko laguntzak. 2002-2005 epean ahalmen urrikoendako plazak 650tik 735era igo da.

Tasubinsa enpresak jasotako dirulaguntzak ere aztertu dira. 13 lantoki eta 546 lanpostu dituen enpresak 2,7 milioi jaso zuen iaz. 2002tik 10,5 milioi euro jaso du, horrelako zentroek jaso dutenaren %78.

Comptos Ganberak dioenez, Tasubinsak jasotako dirulaguntzetan legedia bete egin da, baina badira hobetu beharreko gauza batzuk, horien artean sarien sistema ikuskatzea eta aurrekontu-saila izenduna bihurtzea, alegia, aurrekontuetan Tasubinsarendako laguntza dela zehaztea, horretarako arrazoi aski baldin badago.

Txostenaren amaieran biltzen diren gomendioetan bat azpimarra daiteke: Gizarte babesaren epe ertain eta luzerako plangintza hobetu behar da, hainbat urtetarako finantziazioa ere aplikatuz. Informazio sistema hobetzea ere beharrezkotzat jotzen du Comptos Ganberak, hori baita erabakiak ongi hartzeko modu bakarra. Zerbitzuen kostuak ezagutzea eta helburuen jarraipena egitea dira informazio sistema egokiak ahalbideratuko lukeena.

Zentroen ikuskatze sistema ere hobetu behar da gutxieneko kalitate orokorra bermatzeko, eta isunak ere kontuan hartu beharko lirateke. Comptos Ganberaren aburuz, zentroetan bizi direnen iritzia eta bertan lanean ari direnena ere ezagutu behar dira, eta datu horiek kalitatea hobetzeko erabili behar dira.

Azkenik, ahalmen urrikoen errenten gaineko kontrola ere hobetu behar da. Izan ere, Comptos Ganberak uste du gizarteak biztanle guztiei behar dituzten zerbitzuak ziurtatu behr zaizkiela, biztanleak dirudunak izan ala ez. Baina zerbitzuak ordaintzeko aina dutenek ordaindu egin behar dituzte, eta hori bermartzeko kontrol hobea behar da.