Skip to main content

ASOCEX

2010/22 Herri Lan Departamentuak kudeaturiko lan eta laguntza teknikoen kontratuak

Argitalpen data
Nafarroako Comptos Ganberak Herri Lan Departamentuak kudeaturiko lan eta laguntza teknikoen kontratuei buruzko txostena karrikaratu du. PSNk eskaturiko txostenaren helburua zen 2005-2008 epean kudeaturiko obrak aztertzea.

Comptos Ganberak epe horretan eginiko 404 obren espedienteak aztertu ditu. Horien artean daude SPRIN enpresa publikoaren bitartez eginiko 29 obrak.

Gobernuak urteroko obrei buruzko informazioa biltzen duen txostena kaleratzen du. Comptos Ganberak datuetan huts batzuk antzeman baditu ere, ez dira oso esanguratsuak. Dena den, txostenetan emaniko informazioa hobetu liteke, batez ere gehienezko gastua eta hainbat urtetarako obreei dagokienez.

SPRIN enpresa publikoaren bidez eginiko obren kostua ez zen behar bezala kalkulatu. 29 obrak egiteko aurrekontua 270 milioikoa zen, baina zortzi obra kendu behar izan ziren zenbatekoari eusteko.

Txostenak obra bakoitzari buruzko informazio zehatza ematen du: esleipenaren aurrekontua, aldaketak, obra osagarriak, laguntza teknikoaren kostua, desjabetzapenak, proiektuak eta prezioen berrikustea.

Datu horiek guztiak azterturik, honakoak dira konklusio nagusiak: obren esleipenetan, bataz beste, %12 merketu zen aurrekontua. Behin betiko kostua %5 igo zen adjudikaturiko zenbatekoarekin alderatuz. Obra eta zerbitzu osagarri eta laguntza teknikoei dagokienez, esleipen-prezioaren %7 dira, gutxi gora behera.

Prezioen berrikusteak ere aztertu dira. Urte bete baino gehiago irauten duten obretan aplikatzen da, eta lanak amaitutakoan ordaintzen da. Portzentajea %3 eta %19 artekoa da. Badira proiektu aldaketa aunitz, aurrekontuan inolako eraginik ez dutenak: Izko eta Judasen Benta arteko zatian, esaterako, lau proiektu aldaketa daude, baina zenbatekoa berdina da. Izaba eta Frantziako muga arteko bidean ere errepidea zabaltzeko tokia aldatuagatik, prezioari eutsi zitzaion.

Nolanahi ere, eta aldaketa asko daudela kontuan hartuz, Comptos Ganberak proiektu hobeak eta proiketuen azterketa egokiagoa eskatzen ditu.

Prezioen berrikusteari dagokionez, Idozin eta Izko arteko errepidean hitzarturiko aldaketa nabarmentzen du. Izan ere, prezio berriek %19 igoarazi zuten aurrekontua, prezioen igoera %0,8 izan zen urtean. Comptos Ganberak beste kontu bat nabarmentzen du, honekin zer ikusia duena: epeak handitzean obrak ere garestitzen ari dira askotan, prezioen berrikustea dakarrelako.

Comptos Ganberak gomendio batzuk eskaintzen dizkio Gobernuari obren kudeaketa hobetzeko: obra osagarrietarako irizpideak finkatzea, proiektuen azterketa hobetzea, epeak handitzeak dakarren kostua aztertzea, eta prezioen berrikustea kontratu-baldintzetatik kentzea.