Skip to main content

ASOCEX

2019/16 Hezkuntza Departamentuko funtzionarioen nominaren kudeaketa

Argitalpen data

Kontuen Ganberak Hezkuntza Departamentuko funtzionarioen  nominaren kudeaketa aztertu du. Ikuskaritza informatikoari esker, lehen aldiz langileriaren gastu gehienak aztertzeko modua izan du. Kontuan hartzekoa da langileriaren soldata gastuen zati oso garrantzitsua dela: %15.

Hezkuntza Departamentuak, iaz, 651 milioi gastatu zituen, horietatik 482 langilerian. Zenbateko horretan sarturik daude ikastetxe publikoetako profesionalen soldatak (380 milioi) zein itundutakoenak (102 milioi). Gogoratzekoa da itundutako ikastetxeetako langileriaren nomina ere Gobernuak kudeatzen duela.

Hezkuntza Departamentuan 10.000 bat langile ari ziren iazko amaieran: 5.350 funtzionario eta  4.800 kontrataturik. Irakasleak dira langile gehienak: 9.000 lagun, horietatik 4.100 lan kontratudunak.

Azken bost urteotan, Hezkuntza Departamentuko langileria %11 handitu da, lan kontratudunen igoeragatik. Izan ere, funtzionarioen kopurua %14 jaitsi da, 6.200etik 5.300era.

Funtzionarioen soldatetan 218 milioi gastatzen da.

Kontuen Ganberak funtzionarioen soldata kudeatzeko informazio sistemak aztertu ditu.

Kudeaketa korapilatsua, kontrol egokia

Kontuen Ganberak dioenez, Hezkuntza funtzionarioen nomina kudeatzea kontu korapilatsua da. Batetik, langile kopuru handiagatik; bestetik, langileen artean era askotako egoera administratiboak daudelako.

Kontuen Ganberak ontzat ematen du nominaren informazio sistema kontrolatzeko sistema. Hala ere, hobetu beharreko kontu batzuk aipatzen dira.

Legezkotasunaz ere aldekoa da iritzia, soldaten kudeaketa legearen araberakoa baita.

Txostenak dioenez, Hezkuntzako teknikariek ongi ezagutzen dituzte soldata kudeatzeko informazio sistemak. Aurreko txosten batean Kontuen Ganberak ezaguera hori ez galtzeko deia egina zuen. Izan ere, informazio sistemak kanpoko enpresen esku uztean kontrola eta ezaguera ere galdu egiten ziren, kanpoko enpresekiko menpekotasun handiegia sortuz. Hezkuntzan, esan bezala ez da holakorik gertatzen. Dena den Gobernuko departamentu guztiek erabiltzen duten SAP informazio sistema (nominarako funtsezkoa) kanpoko enpresako teknikariek besterik ez dute sakon ezagutzen.

Txotenak soldaten kudeaketa hobetzeko segitzeko gomendio batzuk eskaintzen ditu. Gehienak SAP eta Departamentuko gainerako aplikazioen erabiltzaile-kudeaketa eta segurtasunari buruzkoak.