Skip to main content

ASOCEX

1999/03 Ingurugiroaren kudeaketa (1997)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

1999/03 Ingurugiroaren kudeaketa (1997) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak \"Ingurugiroaren kudeaketa\" izeneko aurrekontu programari buruzko txostena kaleratu du. Aipatu programak 3.000 milioiko aurrekontua zuen iaz eta helburu nagusia hauxe: gizakiak ingurugiroan eragiten duen kaltea gutxitzeko neurriak hartzea. Xede horiek lortzeko 214 lagun ari dira lanean, gehienak basozain. Txostenak emaniko datuen arabera, langileriaren soldatetan 736 milioiko dirutza gastatu zuen Diputazioak.

Kontuen Ganbarak aurkezturiko txostenak dioenez, egitasmoaren xedeak ez dira behar bezain zehatz. Bestalde, programari ez zaio behar bezalako jarraipenik egiten eta horrek guztiak programaren eraginkortasunaren azterketa zaildu egiten du.

Ingurugiroaren aldeko ekitasmoak burutzeko lanean ari den langileriaren soldatez gain, gastuetan 1.800 milioiko dirutza dago erosio eta suteen aurkako ekimenetara eta mendien egoera hobetzera bideratutakoa. Dirusarrerei dagokienez, diru gehien Europatik datozen transferentziei esker lortu zen. Izan ere, Europar Elkarteak iaz 1.200 milioitik gorako dirutza eman zuen Nafarroatik aurkeztutako ingurugiro proiektuak bultzatzeko.

Txostenaren konklusioetan Kontuen Ganbarak dio, alde batetik, egitasmoaren helburuak zabalegiak direla, xede horiek zenbateraino bete diren jakiteko behar diren sistema egokirik ez dagoela eta ez dela egin beharrezko jarraipenik egiten. Urtean zehar burututako ekimenen memoriarik ere ez da argitaratzen.

Legezkotasunari dagokionez, Kontuen Ganbarak dio azterturiko espedienteek indarrean dagoen legedia betetzen dutela, baina badira txostenean aipatzen diren salbuespen batzuk.

Barne kontrol eta antolaketa ere aztertzen da Parlamentura bidalitako txostenean. Atal horretan Kontuen Ganbarak gogoratzen du Administrazioak orain dela gutxi hartu dituela bere gain inguru giroari lotutako gaiak eta, beraz, Departamentuan aldaketa garrantzitsuak izan direla, azken urteetan eskumen berriak onartu behar izan dituelako. Horretaz gain, departamentuaren barne antolaketan ere aldaketa asko izan dira azken urteotan.

Departamentu honek, gainera, ez du egoitza bakarra, funtzionariek hiru tokitan lan egiten baitute eta ez dago artxibo nagusirik eta, beraz, espedienteak biltzerakoan arazoak sortzen dira.

Aurrekontu programaren eraginkortasunari dagokionez, Kontuen Ganbarak hasieran aipaturiko muga azpimarratzen du, alegia, xedeak zabalegiak direla eta horrek eraginkortasunaren azterketa zaildu egiten duela. Dena den, txostenak dioenez, Diputazioak ez du desagertzeko arriskuan dauden animaliak babesteko planik egin, 93ko Foru Legeak agindu hori ematen badu ere. Arlo horretan, plan horiek burutzeko azterketak baizik ez dira egin, eta, horregatik, Kontuen Ganbarak uste du animalien defentsaren aldeko babesari dagokionez, programa ez dela bete.

Kontuen Ganbararen aburuz, plan horiek oso garrantzitsuak dira erabakiak hartzerakoan eta horren adierazletzat honakoa aipatzen du: Azken urteetan basoiloaren aldeko ekimenak martxan jarri dira eta azken ikerketen arabera oso zaila da animalia hori Nafarroan bizitzea.

Hori dena kontuan hartuz, txostenak urte batzutarako planak martxan jartzeko beharra azpimarratzen du. Plan horiek animalia eta landaretza babesteko neurrien lehentasuna finkatu beharko lukete.

Bestalde, Kontuen Ganbararen iritziz haren kudeaketa hobetzeko Ingurugiro Departamentuak egonkortasun handiagoa beharko luke, bai eskumenei dagokienez eta baita barne antolaketan ere.