Skip to main content

ASOCEX

2003/06 Iruñeko Udala (2001)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2003/06 Iruñeko Udala (2001) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak Iruñeko Udalari buruzko fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Txostenak honako gai hauek aztertzen ditu: aurrekontu-betetzea, ondare egoera, legezkotasuna eta finantza-egoera. Datu guztiak 2001ekoak dira.

Kontuen Ganbarak azaltzen duenez, Gaztelu Plazako Aparkalekuaren obrei buruzko espedientea azterketatik kanpo utzi du, gaia auzitegietan dagoelako.

Txostenak emaniko datuen arabera, 2001ean Iruñeko udalak 31.605 milioi pezeta gastatu eta 33.289 milioi bildu zituen. Udalaren erakunde autonomoen datuak alde batera utzita, Iruñeko Udalak 24.300 milioi pezeta gastatu zituen. Dirutzaren zati nagusienetakoa (9.400 milioi) langilerian gastatu zen eta ohiko zerbitzu eta ondasunen erosketetan 6.500 milioi gastatu ziren.

Inbertsioei dagokienez, 5.270 milioikoak izan ziren (aurreikusitakoaren %52). Dena den, Hirigintza Gerentziak zuzenean eginiko inbertsioak kontuan hartuz, inbertsioek 14.000 milioi egiten dute, aurreko urtean baino askoz gehiago.

Udalaren dirusarretan garrantzitsuenak ohiko transferentziak izan ziren: 10.840 milioi. Zergen bidez lorturiko dirutza 9.380 milioikoa izan zen.

Kontuen Ganbarak dioenez, aurrekontuaren likidazioak ongi islatzen ditu urteko gastu eta diru-sarrerak. Egoera balantzeak ere finantza egoera ongi islatzen badu ere, salbuespen bat aipatzen da: Funtzionarioen Montepioak sorturiko betebeharrak, zenbatu gabe baitaude. Alde horretatik, gogoratzekoa da funtzionarioen montepioen aldaketa-prozesua Nafarroako Parlamentuan eztabaidatzen ari direla eta Kontuen Ganbarak eginiko kalkuluen arabera Iruñeko Udalarentzat 21.000 milioi pezetako kostua izanen luke.

Legezkotasunaren gaineko azterketari dagokionez, Kontuen Ganbarak dio Iruñeko Udalak indarrean dagoen legedia bete egiten duela.

Udalaren finantza egoeraz honakoak dira datu nagusiak: Udalak bete egindu bidegarritasun plana, ohiko dirusarrerak funtzionamendu gastuak eta finantza-zamari aurre egiteko aski izan direlako.

Dena den, 2001eko datuak eta aurreko urtekoak konparatuz zorpetze mailak gora egin duela ikusten da: %2,46tik %2,85era eta aurrezki gargia ere gutxitu egin da: 3.025 milioitik 1.138 milioira. Diruzaintzako gerakinak ere behera egin zuen: 2000ko amaieran 4.353 milioikoa zen bitartean, urte bete geroago 2.589 milioikoa zen.

Kontuen Ganbarak dioenez, Iruñeko Udalak ongi kudeatzen du aurrekontua, ikuspegi administratibotik begiratuta. Azterturiko ekitaldian inbertsioek goiti egin zuten, batez ere Hirigintza Gerentziak zuzenean eginikoei esker. Eta, azkenik, finantza-egoera onartzekoa dela erranagatik, aurrezki garbia eta zorpetze-ahalmena gutxitu egin direla azpimarratzen du.

Txostenak aurrekontuaren kudeaketa eta barne kontrola hobetzeko gomendio batzuk eskaintzen ditu. Horietako bat aurrekontu ereduari berari dagokio. Izan ere, Kontuen Ganbararen ustetan Udalak aurrekontua egiterakoan helburu garbiak eta berauek zenbateraino bete diren aztertzeko neurgailuak finkatu beharko lituzke. Horrela eginez gero, Udalaren eraginkortasuna neurtzea posible litzateke. Helburu zehatz eta neurgailurik gabe, ordea, eraginkortasuna aztertzerik ez dago.

Azkenik, Kontuen Ganbararen iritziz Iruñeko Udalak kudeatzaile bat beharko luke departamentuen arteko koordinazioaz arduratzeko. Txostenak dioenez, horrek Udalaren kkudeaketa hobetuko luke.