Skip to main content

ASOCEX

2017/27 Iruñeko Udala (2016)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2017/27 Iruñeko Udala (2016) ()
Nafarroako Kontuen Ganberak Iruñeko Udalaren iazko kontuak aztertu ditu. Txostenak 2016ko kontuak, legezkotasuna eta finantza egoerari buruzko iritzia ematen du. Kontuen Ganberak azken txostenetan eginiko aholkuen jarraipena ere egin du.

Iruñeko Udalak bi erakunde autonomo ditu (Hirigintza Gerentzia eta Haur Eskolak), bost enpresa publiko (Comiruña, Mercairuña, Animsa, Pamplona Centro Histórico eta Asimec) eta Gaiarre Fundazioa. Miserikordi Etxean ere ordezkaturik dago.

Erakunde autonomoen datuak ere kontuan hartuz, Iruñeko Udalak 196 milioi gastatu eta 209 milioi bildu zituen.

Udalaren gastu nagusia langileriarena da: 84 milioi. Txostenak dioenez, Iruñeko Udalak 1.429 lanpostu ditu. Lanpostu horietatik 598 bete gabe daude, gehienak kontratadunen esku. Udal langileen herena udaltzainak dira.

Kontuen Ganberak dioenez, udal zerbitzu batzuen kudeaketa modua aldatu egin da. Kanpoko enpresen esku zeuden zerbitzu batzuk udalak zuzenean kudeatuko ditu, langileria propioarekin. Horrek udal langileria handiaraziko du.

Gastuen bigarren kapitulua ohiko ondasun eta zerbitzuen erosketa da. Iaz 67 milio gastatu ziren horretan; inbertsioei dagokienez, 20 milioiko gastua izan zuten.

Diru-sarrerek, esan bezala, 209 egin zuten. Diru iturria nagusia transferentziak dira, batez ere Nafarroako Gobernuak eginikoak. Bide horretatik, iaz, 97 milioi jaso zituen; zuzeneko zergen bidez 55 milioi bildu ziren, eta beste 31 tasa eta prezio publikoei esker.

Adierazle ekonomikoek hobera egin dute

Funtzionamendu gastuak eta finantza zama ordainduta, Udalak eta haren erakunde autonomoek 21 milioiko aurrezkia lortu zuten iaz, aurreko urteko datua nabarmen hobetuz (14,6 milioi).

Zerga batzuen bilketa gora egin izanak badu zer ikusirik kontuen bilakaera onean: Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko zergarekin hiru milioi gehiago lortu ziren; eta hiriko lur-sailen balioaren gehitzearen gaineko zergak ere hiru milioi gehiago eman zituen aurreko urtean baino.

Zorrari dagokionez, 86 milioikoa da. 2015ean hasitako bilakaera positiboari eutsiz, iaz ehuneko 7,8 jaitsi zen. Agentziek emaniko kalifikazioa BBB+ da, Udalak konfiantza ematen duen seinale.

Diruzaintzako gerakina ere gero eta handiagoa da. 2016ko amaieran, 24 milioikoa zen. Txostenak dioenez, datu horrek finantza egoera ona eta Udalak hurrengo urteetan inbertsioak egiteko ahalmena izanen duela erakusten du.

Iruñeko Udalak iaz bete egin zituen aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-iraunkortasunerako helburuak.

Udalaren kontu orokorrak ongi islatzen ditu ondasun eta finantza egoera, eta baita urte amaierako emaitza ere. Salbuespen bakarra aipatzen da: langileen montepioak sortuko dituen gastuak ez daudela balantzean jasoak.

Legezkotasunaz ere aldeko iritzia islatzen da, Iruñeko Udalaren jarduera ekonomikoa legediaren araberakoa baita.

Azkenik, gomendio batzuk ematen dira udal kudeaketa hobetzen segitzeko. Horietako bat barne kontrola hobetzeko, batez ere langilerian; zerbitzuen plangintza ere hobetu beharra aipatzen da, amaituriko kontratuen jarraipena saihesteko; azkenik, balorazio ponentzia gaurkotu beharra azpimarratzen da.