Skip to main content

ASOCEX

2006/19 Iturgain udal Hirigintza enpresa (1998-2005)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2006/19 Iturgain udal Hirigintza enpresa (1998-2005) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Orkoiengo Udalaren Iturgaian hirigintza enpresaren jarduerari buruzko fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Txostena Parlamentuak eskatu zuen, PSN taldeak eginiko eskaeraren ondorioz.

Txostenak dioenez, Iturgain udal enpresa 1998an sortu zen Orkoiengo hirigintza bultzatzeko. Estatutuek kudeatzailea kontratatzea aurreikusia bazuten ere, enpresak ez zuen inor kontratatu, ez kudeatzailerik eta ezta langilerik ere. Izan ere, udal enpresak hirigintza kudeaketa Aranade enpresa pribatuaren esku utzi zuen. Enpresa hori zen Orkoiengo arau subsidiarioen aldaketa bultzatu zuena. Lanaren truke etxebizitzen prezioen ehuneko 6 jasoko zuela hitzartu zuten. Adjudikazioa zuzenean egin zen, publizitate eta konkurrentziarik gabe.

2002an Iturgainek beste kontratu bat sinatu zuen aipaturiko enpresarekin lur sail batzuen sal-erosketa kudeaketarako, hori ere zuzenean, publizitate eta konkurrentziarik gabe. Enpresak jaso beharreko portzentajea prezioen ehuneko 10 izanen zela adostu zuten.Hurrengo bi urteetan enpresa pribatuak 426 etxebizitza babestu bultzatu eta saldu zituen, eta ehuneko 6 kobratu beharrean ehuneko 10 kobratzen hasi zen inolako babes legalik gabe, 2002ko kontratuak lur sailen kudeaketa besterik ez baitzuen aipatzen.

2004an azken kontratua sinatu zen, hura ere zuzeneko adjudikazioaren bitartez egina. Kontratuak enpresak jaso beharreko etekina etxebizitzen prezioen ehuneko 10 zela zehaztu zuen. Kontratu berean, lehen aldiz, enpresa pribatuak udal enpresa kudeatu behar zuela aipatzen da, nahiz eta lan hori 1998tik egiten ari zen, inolako kontraturik gabe.

Etxebizitzen proiektuei eta obra zuzendaritzari dagokienez, udal arkitekto eta aparejadorearen esku utzi ziren, publizitate eta konkurrentziaren irizpideak errespetatu gabe.

Comptos Ganberak dioenez, 1998tik Iturgain udal enpresak 600dik gora etxebizitza babestu egin ditu Orkoienen. Hirigintza kudeaketa aipaturiko enpresaren zeregina izanagatik ere, benetako kudeatzailea, eta baita udal enrpesaren beraren kudeaketa ere, enpresa pribatu bat izan da.

Aipaturiko enpresa pribatuari, gainera, etzaio exklusibitaterik edo bateraezintasunik ezarri eta, beraz, Orkoienen bertan lan egiteko aukera izan du. Bestalde, udalak ez zu enpresaren gaineko finantza kontrolik egin, ezta jardueraren eraginkortasuna neurtzeko sistemarik ere. Comptos Ganberaren ustetan, kontrol horiek beharrezkoak dira udal enpresa guztietan.

Txostenak Iturgain eta Udalaren arteko finantza-harremanak ere aztertu ditu. 1999tik 5,2 milioi euroko balioa zuten lur sail eta eraikuntza-lizentzia erosi dizkio udalari. Ordainketak, ordea, atzerapen handiz egin dira. 2005ko amaieran ordainturikoa 1,8 milioi besterik ez zen.

Iturgainek Aranade enpresari eginiko ordainketari dagokionez, 3,4 milioi euro egiten dute. Azkenik, arkitekto eta aparejadoreak 987.000 euro kobratu zuten.

Aurreko ondorio horiek guztiak kontuan hartuz, Comptos Ganberak gomendio batzuk eskaini dizkio Orkoiengo Udalari. Horietako bat udalak sorturiko hirigintza enpresa enpresa pribatu baten menpe egotea bidezkoa ez denez, egoera zuzendu egin behar dela. Halaber, bateraezintasun sistema martxan jarri behar duela, udal enpresaren kudeatzaileei Orkoiengo hirigintzan lan egiteko aukera uka diezaieten. Azkenik, udal enpresa publikoek adjudikazioak egiterakoan konkurrentzia eta publizitatea bete beharreko irizpideak dituztela azpimarratzen da.

Jakina denez, Comptos Ganberak Orkoiengo Udalari buruzko txostena argitaratu zuen iazko irailean, eta bertan hirigintzaren egoera ere aztertu zen. Bada, geroztik Udalak neurri batzuk hartu ditu txostenak emaniko gomendioak betetzeko. Esate baterako, hirigintzaren kudeaketaren adjudikazioa lehiaketa bidez egin du, eta udal arkitektoaren kontratazioa ere horrela egin du.