Skip to main content

2021/03 Jurramendiko Mankomunitatea eta Lekunberri, Lodosa, Ribaforada eta Zangozako udaletako langileriaren kontratazio eta ordain-sariak

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganberak hainbat udal erakundetako langileriaren kontratazio eta ordain-sariak aztertu ditu. Erakunde horiek honakoak dira: Jurramendiko Mankomunitatea eta Lekunberri, Lodosa, Ribaforada eta Zangozako Udalak. Parlamentuak egin zuen eskaria, Navarra Suma taldeak bultzatuta.

Jurramendiko Mankomunitateak Lizarra aldeko 63 udal biltzen ditu. Bi zerbitzu eskaintzen ditu: uraren ziklo integrala eta hondakin solidoen bilketa eta tratamendua.

Mankomunitatearen bi sozietateetan daude langile gehienak: 122. Langileriaren kontratazioan bete beharreko irizpideak errespetatzen dira: publizitatea, meritua eta ahalmena. Badira, hala ere, salbuespen batzuk.

Lekunberriko Udalak 8 langile ditu. 2015ean, osoko bilkurak aldi baterako hiru langile finko bihurtzea erabaki zuen. Hura enplegu publikoan bete beharreko irizpideen aurkako erabakia izan zen. Langileen lansarietan akats batzuk antzeman dira. Dena den, konpondu egin dira.

Udalak erakunde autonomo bat du: Aralar Musika Eskola. Kontuen Ganberak 2010eko txosten batean eskolako enplegatuen zerrenda egiteko eskatu zion udalari. Oraindik, ordea, egin gabe dago.

Udalak eginiko kontratazio batean eta Garapen Elkartea udal sozietatearen bi kasutan ez dira langile publikoak kontratatzeko oinarrizko irizpideak errespetatu: berdintasuna, konkurrentzia, meritua eta ahalmena.

Lodosako Udaleko enplegatuen zerrenda ez da egokia, ez baititu jasotzen udalaren beharrak. Horren froga da 46 lanpostutik 31 ez daudela zerrendan sartuak, horien artean Musika Eskolakoak. 2012 eta 2017ko bi lan-ikuskapenen ondorioz, aldi baterako 19 kontratu mugagabe bihurtu ziren.

Azterturiko kontratazio espedienteek enplegu publikoaren irizpideak betetzen dituzte.

Ribaforadako udalak 15 lanpostu ditu. Horietako sei funtzionario-lanpostuak dira, denak bete gabe. Lansariak ongi kudeatzen dira. Langileriaren kontratazioan konkurrentzia, meritua eta ahalmena betetzen dira.

Musika Eskolan eta Kirol Kontseiluan 25 langile daude, lanaldi mugatuan. Musika Eskolako langileei bederatzi hilabeteko kontratua egiten zaie, ikasturtea betetzeko. Txostena kritikoa da horrekin, langile horien beharra etengabekoa baita.

Zangozako Udalak 30 langile ditu. Ordezko baten kasuan, arauak finkatzen duen urte beteko lanaldia aise gainditu da. Lansariak ongi ordaintzen dira, salbuespenen bat badago ere. Azterturiko langileriaren espedienteek konkurrentzia, meritua eta ahalmena betetzen dituzte.

Musika Eskolan 19 langile ari dira. Haien lan-baldintzak hitzarmen propio batek arautuak ditu. Txostenak eskolako langileriaren aldi baterakotasun tasa handia aipatzen du. Ordainsariak behar bezala kudeatzen dira, eta langileriaren kontratazioa ere egokia da.