Skip to main content

ASOCEX

2001/09 Justizia Administrazioa (2000)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2001/09 Justizia Administrazioa (2000) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak \"Justizia Administrazioa\" izeneko aurrekontu-sailari buruzko fiskalizazio txostena argitaratu du. Txostenak ematen dituen datuak 2000. urtekoak dira.

Kontuen Ganbarak gaiaz egiten duen lehenbiziko txostena da. Izan ere, Nafarroak duela guti eskuratu ditu Justiziaren transferentziak: 1999ko urrian hain zuzen. Horren kudeaketa bideratzeko Nafarroako Gobernuak Justizia Zuzendaritza sortu zuen, Lehendakaritza Departamentuaren barruan.

Transferentzien dekretuen arabera, Nafarroako Gobernuak epaitegiak mantendu eta justizia-zerbitzuak ordaindu behar ditu. Halaber, Pake-epaitegietako funtzionamenduaz arduratu behar du eta abokatuen dohaneko zerbitzuari eusteko diru-laguntza eman behar du. Langilegoari dagokionez, Gobernuko funtzionario eta transferitutako lan-kontratadunek osatzen duten taldean erabateko konpetentzia dauka, baina gainerakoetan konpetentzia partziala da batzutan, eta beste batzutan ez du konpetentziarik. Nafarroako Administrazioaren konpetentziatik kanpo gelditu dira ez bakarrik epaile eta fiskalak, baita epaitegietako idazkariak ere.

Nafarroako justiziaren antolaketa orokorra Madrilgo Administrazioaren esku dago. Langilegoari daogkionez, epaile, fiskal eta idazkariengan erabateko konpetentzia dauka. Gainera, orain arte Madrilgo Administrazioaren menpe zeuden langileen ordutegiak, soldatak, lanaldia¿finkatzen ditu.

Kontuen Ganbarak dioenez, konpetentzien banaketa ez da batere mesedegarria kudeaketa ona egiteko. \"Nafar Administrazioak ¿dio txostenak- Justizia finantzatu egin behar du baina ez du zerbitzu publikoa hobetzeko beharko lukeen kudeaketa-tresnarik\".

Alde horretatik, azpimarratzekoa da langileria kudeatzeko konpetentzi eza, batez ere epaitegietako idazkarien kasuan, azken hauek langileen buruak baitira Justizia-bulegoetan. \"Gainera ¿dio txostenak- kontuan hartzekoa da Estatuak har ditzakeen erabaki batzuek, hala nola lege berriek eragindako gastuak edota soldata igoerek, berehalako eragina izanen dutela Nafarroako Gobernuaren gastuetan\".

Txostenak gogoratzen duenez, Madrilgo Administrazioko eta transferentziak eskuratu dituzten gobernuetako ordezkariek arazo horixe aztertu zuten eta autonomietako administrazioek langilerian eta justizia-antolaketan konpetentziak handitu behar dituztela adostu zuten. Berriki onarturiko Justiziaren hitzarmenean ere antzeko zerbait onartu da.

1.784 milioiko gastua

Kontuen Ganbarak emaniko datuen arabera, Nafarroako Gobernuak 1.784 milioiko dirutza gastatu zuen iaz Justizian. Horren zati handiena (1.380 milioi) langileriaren soldatetan gastatu zuen. Aurreikusiriko inbertsioak 320 milioikoak baziren ere, 89 milioi besterik ez ziren gastatu, epaitegietako obra batzuk eta kartzela berriaren proiektua atzeratu zirelako.

Aipatzekoa da Justizian gastaturikoa Nafarroak urtero Estatuari pagatzen dion dirutzatik kendu egiten duela.

Txostenaren arabera, aurrekontu-betetzeak ongi islatzen du urteko jarduera ekonomikoa. Legezkotasunaren gaineko azterketan ere, ez da arazo larririk nabarmentzen.

Txostenak Justiziaren administrazioa hobetzeko gomendio batzuk proposatzen ditu. Horietako bat Gobernuak duen aurrekontu eredu berari dagokio. Izan ere, Kontuen Ganbararen aburuz beharrezkoa da Foru Administrazioak helburuak finkatzea eta xedeak bete diren neurtzeko tresnak sortzea.