Skip to main content

ASOCEX

1999/08 Kontuen Ganbarak Foru Administrazioa eta toki sektore publikoari buruzko txostenetan eginiko gomendioen jarraipena (1995-1998)

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganbarak azken lau urteotan eginiko gomendioak biltzen dituen txostenak kaleratu ditu. Bi txosten dira Parlamentura bidalitakoak. Bata Foru Administrazioari dagokio eta bestea Toki Administrazioari.

Bi txostenon bitartez Kontuen Ganbarak azken urteotako txostenetan eginiko gomendioak bildu eta agintari berrien esku utzi nahi ditu, Foru Administrazioaren eta udalen egoera ongi islatzen dutelakoan. Txostenek azken urteotan bete diren gomendioak eta oraindik bete gabe daudenak biltzen ditu eta, azken hauei dagokienez, sailkapen bat eskaintzen da gomendio bakoitzaren zailtasuna eta garrantziaren arabera.

Kontuen Ganbararen iritziz lehentasuna duten gomendioak azpimarratu egiten dira, bai Foru Administrazioari buruzko txostenean eta baita Toki Administrazioari buruzkoan ere.

Foru Administrazioari dagokionez, Kontuen Ganbarak dio jubilazio eta pentsio sistema behingoz finkatu eta argitu behar dela. Jakina denez, Diputazioan 1992an baino lehen sartu ziren funtzionarioak montepio batean daude sarturik eta ez, gainerako guztiak bezala, Gizarte Segurantzan. Egoera berean daude Udaletan 1993an baino lehen lanean hasi ziren langile guztiak.

Langileriaren kudeaketan ere badira gomendio garrantzitsuak, bi batez ere: funtzionarioen soldatetan lanpostu mota, lorturiko emaitzak eta produktibitatea kontuan hartzea eta goi karguen soldaten zenbateko osoa argi eta garbi islatzea.

Bestalde, Kontuen Ganbararen aburuz Foru Administrazioan zein Udaletan erabiltzen diren aurrekontu teknikak aldatu behar dira helburu eta helburuak neurtzeko adierazleak ere argiak izan daitezen. Izan ere, hori da eraginkortasuna neurtzeko modu bakarra.

Toki Administrazioari dagokionez, Kontuen Ganbarak Nafarroako Udal mapa egiteko beharra azpimarratzen du berriro ere. Halaber, idazkari eta kontuhartzaileen egoera argitzea ezinbestekotzat jotzen du. Gogoratu behar da 1990eko Toki Administrazioaren legeak idazkaritza eta kontuhartzailetzaren beste antolaketa bat aurreikusi zuela eta, aldaketa egin arte, udalei plazarik ez ateratzeko agindua eman zien. Ordutik hona ez da aldaketarik egin eta Udalek ezin izan dute behin betiko idazkari edo kontuhartzaile hartu.

Kontuen Ganbarak dioenez, administrazio prozeduretan ere badira premiazko gomendio batzuk. Horietako bat barne kontrola eta kontu hartzailetza indartzeko beharra. Beste bat, milurteko berria eta Euroak kudeaketan, kontabilitatean eta informatikan izan dezaketen eraginari aurre egiteko plana egitea.

Foru Administrazioari buruzko txostenean bezala, honetan ere aurrekontu eta kudeaketa teknikak hobetzeko beharra azpimarratzen da. Horretarako beharrezkoa da Udalek helburu eta adierazleak ongi definitzea eta, bestalde, funtzionarioen soldatetan emaitzak eta produktibitatea kontuan hartzea.