Skip to main content

ASOCEX

2001/14 Lizarrako Udala (2000)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2001/14 Lizarrako Udala (2000) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak Lizarrako Udalari buruzko fiskalizazio txostena kaleratu du. Bertan honako gaiak aztertzen dira: aurrekontu-betetzea, ondare egoera, legezkotasuna eta Udalaren finantza-egoera.

Kontuen Ganbararen txostenak dioenez, iaz Lizarrako udal azpiegituran aldaketa bat izan zen, Udalak zituen lau patronatuetako hiru desagertarazi baitzituen: Almudi Kultur Zentroa, Kirol Patronatua eta Ongizate Patronatua. Gelditzen den erakunde autonomo bakarra, beraz, Musika Patronatua da.

Txostenak emaniko datuen arabera, Lizarrako Udalak 1.448 milioi gastatu eta 1.520 milioi bildu zituen iaz. Gastuetan garrantzitsuenak \"funtzionamendu gastuak\" dira: langileria, ondasun eta transferentziak. Gastu horiek ehuneko 71 egiten dute. Langileriari dagokionez, Lizarrako Udalak 142 langile ditu eta beraien soldatetan gastu guztien ehuneko 39 gastatzen du. Inbertsioak gastuen ehuneko 24 dira eta, azkenik, finantza zamari aurre egiteko aurrekontuaren ehuneko 5 erabiltzen da.

Dirusarreretan transferentziak dira garrantzitsuenak: ehuneko 57. Zerga bidezko dirusarrerei esker Udalak dirusarreren ehuneko 40 eskuratu zuen, eta gainerakoa udal ondarearen bidez lortu zuen. Azpimarratzekoa da Lizarrako Udalak transferentziengatiko menpekotasun handia duela. Izan ere, biltzen duen dirutza osoaren erdia baino gehiago Nafarroako Gobernuaren transferentziak dira.

2000ko aurrekontu kitapena aztertuta, honakoka da Kontuen Ganbararen iritzia: Lizarrako Udalak aurkezturiko kitapenak ongi islatzen ditu Udalaren ekonomia jarduera eta urte amaierako aurrekontu egoera. Bada, ordea, salbuespen bat: 43 milioiko diru-itzulpena. Izan ere, hiri-kontribuzioa ordaindu zuten biztanle batzuei Udalak dirutza hori itzuli behar izan zien, epaileek errekurtsoa aintzat hartu eta gero. Kontuen Ganbarak dioenez, Udalak ez du dirutza hori islatu, ez aurrekontu-kitapenean eta ezta diruzaintzako gerakinean ere.

Txostenak egoera-balantzea ere aztertu du. Kontuen Ganbararen esanetan, egoera-balantzeak ongi islatzen du udalaren ondare egoera, baina bada salbuespen bat: ondasun-zerrenda, gaurkotu gabe dagoelako.

Legezkotasunaren gaineko azterketaren konklusioa hau da: Udalak indarrean dagoen legedia errespetatu egiten du oro har, baina kontratazioak arau-hauste batzuk egin izan dira. Horregatik, Kontuen Ganbarak kontratazio legedia zorrotz betetzeko gomendioa egin dio Udalari, batez ere honako gaiotan: kontratazio espedienteak, obren jarraipena eta obren hasierako eta benetako prezioen arteko aldea. Izan ere, Kontuen Ganbarak aztertu dituen obra batzutan, batez ere Kaputxinoen saihesbidea eta Gaztetxean, arazoak izan dira.

Udalaren finantza egoerari dagokionez, Kontuen Ganbarak \"ona\" dela dio. Iritzi hori azaltzeko bi datu azpimarratzen ditu: aurrezki garbia handia dela eta diruzaintzako gerakin nabarmena: 483 milioi.

Aipatzekoa da, bestalde, iazko ekitaldian Udalak 107 milioiko superabita lortu zuela, batez ere dirusarrerak nabarmen handitu zirelako. Igoera hori zergen bidezko sarreretan eta, batez ere, Gobernuak eginiko transferentzietan lortu zen.

Laburbilduz: Lizarrako Udalak aurrekontua egoki kudeatzen du, baina baditu hobetu beharreko arlo batzuk. Kontuen Ganbarak eskainiriko gomendioen artean, bi azpimarratu daitezke: kontratazio arloan legedia betetzea eta urtero memoria-liburua egitea, ekitaldiko ekonomia jarduerari buruzko datu guztiak biltzeko.